Bartzelonan jaio zen, 1932an, eta Madrilen egin zituen Zuzenbide ikasketak. Garai hartan zaletu zen antzerkiarekin, eta 1952an Miguel Mihuraren Tres sombreros de copa obraren estreinaldian parte hartu zuen; eta urte bete geroago, berriz, gauza bera egin zuen Alfonso Sastreren Escuadra hacia la muerte-n. Orduan, Fernando Fernan Gomez eta Conchita Alonsoren konpainiekin lan egiten hasi zen.
Ia 60 urteko ibilbidea osatu zuen antzerkian, harik eta 2008an erretiroa hartzea erabaki zuen arte. Telebistan Estudio 1-k famatu zuen 60ko hamarkadan, eta ondorengoetan ere ohikoa izan zen haren presentzia batean eta bestean. 2009an Plutón B.R.B. Nero-ko kapitulu batean agertu zen, bere azken ekarpena eginez.
Zineman, berriz, lan bakanen bat edo beste egin zuen bai 50eko, bai 60ko bai eta 70eko hamarkadan ere, baina batez ere azkeneko 30 urteotan hasi zen filmetan agertzen. La ley del deseo-n (1987), Mujeres al borde de un ataque de nervios-en, Acción mutante-n (1993) eta Todo sobre mi madre-n (1998) parte hartu zuen, besteak beste.
Hamaika sari irabazitakoa da; 1991n aktore onenaren Goya eman zioten, Gonzalo Suarezen Don Juan en los infiernos-en egindako lanagatik. Haren seme-alabetako bi, Fernando Guillen Cuervo eta Cayetana Guillen Cuervo, aktoreak dira.