Desordena publikoa leporatzen zioten Madinari, baina Miamiko epaileak errugabetu eta haren kontrako auzia itxi du. Epaileak ez du delitu zantzurik ikusi, eta 500 dolarreko bermea ordainarazi dio. Handik atera, eta Miamiko hotel batean hartu du ostatu Madinak, Reincidentes taldeko teknikari batekin, etxera bueltatzeko hegazkinaren zain den bitartean.
Taldeko beste lau kideak Espainian dira jada. Madrilera iritsi eta Sevillarantz joan dira. Ohar batean azaldu dute epaiketa berez larunbatean egin behar zela, baina auziarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik bertan behera geratu zela.
Madina Miamin atxilotu zutenean Reincidentes taldekoak Quitorantz zihoazen, Aniversario diskoa aurkezteko biran. Disko horrekin taldearen 30. urteurrena ospatu nahi zuten, baina Madinaren atxiloketa dela eta —hasieran desagertu egin zela uste zen—, bertan behera utzi dute.