Fernando Truebaren ‘El olvido que seremos’ filmak itxiko du Donostiako Zinemaldia

Pelikula bertan behera gelditu zen Cannesko zinemaldirako hautatua zegoen. Hector Abaden izen bereko eleberrian oinarrituta dago. Sail Ofizialean emango dute filma, lehiaketatik kanpo.

'El olvido que seremos' filmaren fotograma bat. Javier Camara da aktore nagusia. ZINEMALDIA
Berria
2020ko irailaren 7a
14:57
Entzun

Fernando Trueba zuzendari espainiarraren El olvido que seremos ekoizpen kolonbiarraren estreinaldiarekin itxiko dute Donostiako 68. Zinemaldiaren Sail Ofiziala. Hector Abad Faciolince idazle kolonbiarraren izen bereko 2006ko eleberriaren egokitzapena da, eta Javier Camara aktorea du protagonista. Filma aurtengo Cannesko jaialdirako hautatua zegoen, baina bertan behera utzi behar izan zuten zinemaldia.

Idazle kolonbiarrak bere aita Hector Abad Gomezen bizitzan oinarritu zuen eleberria: Abad Gomez medikua eta giza eskubideen aldeko aktibista izan zen, 1970eko hamarkadan, Medellinen. Liburua best seller bat izan zen: hamabi hizkuntzatara itzuli zuten, eta 300.000 ale kaleratu zituzten hogei herrialdetan baino gehiagotan.

Truebaren pelikula Caracol Television telebista kate kolonbiarraren proiektua da, Dago Garcia Producciones etxeak ekoitzi du, eta, Javier Camara ez ezik, Nicolas Reyes, Patricia Tamayo eta Juan Pablo Urrego aktoreek ere parte hartu dute. Kolonbiako Zinema Arte eta Zientzien Akademiak Iberoamerikako Film Onenaren Sarirako hautatu du lana, datorren urteko Goya sarietarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.