DONOSTIAKO ASTE NAGUSIA

Festa biziak, jende guztiarentzat

Kanoikadaren ondoren, guztira 383 ekitaldi izango dira Donostiako Aste Nagusian, abuztuaren 9tik 16ra arte.

Donostiako Aste Nagusiaren hasiera, iaz. JUAN CARLOS RUIZ, ARGAZKI PRESS
2014ko abuztuaren 8a
11:09
Entzun

Eguneko ia 55 ekitaldi izango dira; batez beste, ordu erdiro ekitaldi bat. Juan Karlos Izagirre alkateak hauxe esan zuen aurkezpenean, uztailaren 29an: "Askotariko ekitaldiak biltzen dituen egitaraua da, adin eta publiko ezberdinentzat egina".

Donostiako Udala horiek guztiak antolatzeaz arduratu da, eta, horretarako, elkarteen eta herri mugimenduen laguntza estimagarria izan du, alkateak azpimarratu duenez. "Festa parekideak, euskaldunak, irekiak, berritzaileak eta, batez ere, herrikoiak nahi ditugu; guztionak, guztiontzat".

Elkarteetako ordezkariek kantatuko dute ‘Artillero’

Abuztuaren 9an, larunbatarekin,  18:15ean, Gastronomiako Euskal Anaiartearen Ohorezko Batailoia irtengo da Trinitate plazatik, Trintxerpeko Illunbe musika bandak joko dituen doinuek lagunduta, eta, 18:25ean, erdialdetik zenbait kalejira abiatuko dira, Los Bebes de la Bulla, Deiadar, Taupada eta Sambatuak musika taldeekin, eta denak Alderdi Ederren elkartuko dira. 19:00etan, Aste Nagusiko egitaraua osatzeko jarduerak antolatzen parte hartu duten 27 elkarteetako ordezkariek Artillero, dale fuego kantatuko dute, eta Gastronomika elkarteko artillari nagusiak kanoi danbada joko du, jaiei hasiera emateko.

Udalak elkarte horien ekarpena eskertu nahi izan du. Nerea Txapartegi Udal Gobernuko Kultura arduradunak azaldu du zergatik erabaki duten aurten elkarte horiek gonbidatzea egun eta ekitaldi berezi horretara: "Aste Nagusiko egitaraua urtetik urtera zabalagoa eta parte hartzaileagoa da, festak guztion artean egiten ditugun adierazle, eta, honenbestez, festetan modu aktiboan ekintzak antolatzen aritzen diren elkarteak gonbidatu nahi izan ditugu orain, azken batean festak aberastu egiten dituztelako eta festari kolorea ematen diotelako".

Aste Nagusiko egitaraua hamaika ekitaldiz osaturik dago, eta horietako asko elkarteek berek antolatu dituzte, hala kirol jarduerak nola gastronomiari eta kulturari lotutako jarduerak. Jaietako lehenengo eguneko protagonistak, beraz, 27 elkarte horietako ordezkariak izango dira.

Elkarte horiek jarduerak proposatu dizkiote Donostia Kulturako Festak unitateari, Aste Nagusiari begira. Txapartegik azaldu du urtero bilera irekiak egiten dituztela elkarteek ideiak eta proposamenak azal ditzaten: "Eskerrak eman nahi dizkiegu elkarteei, eta egiten duten lana eta ahalegina txalotu. Aurten bi ekitaldi berri txertatu ditugu egitarauan: goitibeheren lasterketa eta antzerki amateurra; eta iaz beste bi ekitaldi txertatu genituen: haurrentzako jolas eta kirol tailerrak eta 24 orduko areto futbol txapelketa. Aurtengo programazioan ere egongo dira horiek. Hori guztia, elkarteen bizitasunaren isla izateaz gain, txalotzekoa da, urtetik urtera udal egitaraua aberasten delako oso ongi antolatuta dauden herritar horiei esker".

Antzerkia

Antzerki amateur emankizunak izango dira abuztuaren 13an, goizean, Kursaalean. "Kultura sustatzea festen helburuen artean ere badagoelako", Txapartegiren esanetan. "Eta, antzerki amateurrarekin batera, antzerki profesionala ere bai, hori baita Donostiako Aste Nagusiaren beste ikurretako bat. Tartean estreinaldi bat ere izango da, euskarazko obra bat: Ehun metro karratu, Iñake Irastorza, Ane Elordi eta Ramon Agirre aktoreekin".

Goitibehera jaitsiera

Donostiako Aste Nagusiko lehen goitibehera jaitsiera egingo dute abuztuaren 10ean, igandearekin, 17:00etan, Oriamendin, Miramon ibilbidean. Juan Karlos Izagirrek goitibehera bat egin eta jaitsieran parte hartzeko deia egin die donostiarrei: "Adin bateko donostiarrok ondo ezagutzen ditugu goitibeherak, gu ere ibili baikinen goitibeherak egiten eta goitibeherekin jolasten, eta gaur egungo gazteei eta ez horren gazteei deia egin nahi diet goitibehera egin eta egun horretan jaitsieran parte hartzeko".

Eta, goitibeheretan bezala, gainerako jardueretan ere bai; esaterako, bizikleta festan, abuztuaren 11n, astelehenarekin, 17:30ean, Bulebarrean: "Festei horrek ematen baitie nortasuna. Donostia gozatzen dakien hiria da, festa egin eta antolatzen dakiena, koloretsua, bizia eta parte hartzailea, eta aurten ere horrelakoa izango da".

Barraketan ere ederki pasatuko dute haurrek, gazteek eta helduek; helduentzakoak Pasealeku Berrian egongo dira, hilaren 8tik 18ra arte, eta haurrentzakoak, Urdaneta kalean, Koldo Mitxelena gunearen aldamenean, hilaren 8tik 24ra arte.

Azkenik, Donostiako Udaleko arduradunek berdintasunean oinarritutako jaiak eskatu dituzte: "Eraso sexistarik gabeak, errespetua oinarri dutenak".
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.