Festa eta izua bai, borroka ere bai

'Hobo with a Shotgun' basatia eta 'Devoured' zinema sozialari lotutako filma nabarmendu dira Bilboko FANT jaialdian; biak ala biak, salaketa soziala egiten duten pelikulak

Rutger Hauer da Hobo with a Shotgun filmeko protagonista. BERRIA.
Beñat Eizagirre Indo.
Bilbo
2012ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoak Giza Eskubideen Zinemaldiari jarraipena eman diola esan dezakegu, odola, txantxa eta barreak nagusi izan diren arren, kontuan hartzeko modukoa baita sail ofizialean proiektatutako film gehientsuenek egungo gizarteari egiten dioten kritika zorrotza. Alde horretatik, ikusle mota desberdinak zinemaldi berean biltzeko gaitasuna azpimarratu beharra dago, fantasia eta beldurrezko generoaren zale amorratuez gain zinema soziala atsegin dutenek ere hausnarketarako aukera eduki baitute. Zinema konprometitu eta dibertigarri horren adibiderik onena Jason Eisener amerikarraren Hobo with a Shotgun basatian aurki dezakegu. Robert Rodriguez eta Quentin Tarantinoren Grindhouse proiekturako izen bereko trailer faltsua egin zuen, eta Rodriguezek Machete-rekin egin bezala, istorio bera ardatz hartuta, film luzea zuzentzea erabaki zuen. Hobo with a Shotgun gustu onaren aurkako aldarrikapen basatia da, eta biolentzia, ikuskizuna eta hizkera zikina dira egilearen armarik gogokoenak. Indarkeriak ez du amaierarik. Baina filmaren tonua guztiz parodikoa da. Gore generoren barruan komedia ohikoa izaten da, baina kasu honetan parodia baliatu nahi izan du egungo gizartearen absurdoa azpimarratzeko. Hortaz, seriotasun falta horren atzean kritika zorrotza antzeman daiteke. Rutger Hauer aktore ospetsuak eskale berezi bat interpretatzen du, eta, westernetan gertatzen zen moduan, legerik ez dagoen hiri batera ailegatuko da. Kalean eskatzen denbora galdu beharrean, negozio propioa martxan jarri nahi du eta bere asmoa belarra mozteko makina bat erostea da. Baina, Drake eta haren gizonen gehiegikeriak direla eta, belarra moztu aurretik kaleak garbitzea beharrezkoa dela erabakiko du. Inork ez dio Drake ankerrari aurre egin nahi, eta denek beste alde batera begiratzen duten bitartean eskaleak gaizkileak akabatzeari ekingo dio. Drakeren pertsonaia telebistako edozein aurkezleren parodia da, eta bere gizonen laguntzari esker ikuskizun paregabea eskaintzen die hiritarrei.

Modernitateak pantailaz josi du gizaki modernoaren egunerokotasuna, eta pertsonak axolagabekeriaren esklabo bilakatu ditu. Bidegabekeriak eta ikuskizuna bereizi ezinak dira, eta kontsumitzaileek pantailari itsatsita diraute, arazoei aurre egin beharrean. Gehiengoari besteen sufrimenduarekin gozatzea leporatzen dio Eisenerrek, eta autokritika egiteko beharra aldarrikatzen du. Egungo munduaren erantzuleak ez dira soilik politikariak eta boteretsuak, herritarrek era guztietako bidegabekeriak babesten dituztelako.

Greg Olliver estatubatuarrak Devoured thriller psikologikoa aurkeztu du Bilbon, eta, mundu mailako estreinaldia izanik, ikusmin handia sortu du. El Salvador-ko emakume etorkin baten istorioa du hizpide, eta bukaerako ezustekoagatik ez balitz, zinema soziala dirudi, etorkinen bizi-baldintzak salatzen baititu. Zinema modernoaren tradizioaren barruan koka dezakegu filma, New Yorkeko jatetxe batean garbitzaile gisa lan egiten duen emakume baten egunerokoan jartzen baitu arreta. Horregatik askori mantsoa, aspergarria eta hutsala irudituko zaio, eta ezusteko amaierak ere ez du sutatik salbatuko.

Marta Milans madrildarrak haragitzen du emakumea. Lourdesen helburua ahalik eta diru gehien biltzea da, El Salvadorren duen semeari hil edo biziko operazioa ordaindu ahal izateko. Hortaz, ahalik eta azkarren dirua bildu eta etxera itzultzea da bere asmoa. Baina, garbitzaile modura nahikoa diru irabazten ez duenez, bezeroei zerbitzu sexualak eskaintzen dizkie. Semearen bizia arriskuan dagoenean etikak ez du ezertarako balio. Jatetxean zerbait arraroa gertatzen da, baina amaierara arte ikusleak ez du bere begien aurrean gertatzen ari dena ulertzeko nahikoa informazio edukiko. Badirudi edozein momentutan zerbait ikaragarria gertatuko dela, baina minutuak joan minutuak etorri garbitzailearen ekintzak denboran errepikatu besterik ez dira egiten, eta horrek haserrea edo antsietatea eragin dezake publikoarengan. Zaleak momentuaren zain dauden bitartean, emakumezko etorkinek bizitzeko dituzten zailtasunen inguruan ikusleek kontzientzia hartzea nahi du. Psycho maisulana ekar dezake gogora, amaierara arte zer arraio gertatzen den jakitea ezinezkoa gertatzen baita. Jatetxean espirituak daudela ematen du, baina ez da argi geratzen zer arraio diren. Egileak ikuslearen pazientziarekin jokatzeaz gain, ikuslea erabat engainatzea lortzen du. Amaierara arte ez ditu erakutsiko bere kartak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.