Donostiako 59. Zinemaldia. Paco Roca eta Ignacio Ferreras. Komikigilea eta zinemagilea

«Film batek, funtzionatzeko, pertsonaiei eman behar die indarra»

Ignacio Ferrerasek 'Arrugas' estreinatu du Zabaltegi sailean, bakardadeari buruzko animazioko film bat, zahar etxe batean girotua.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2011ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Zahar etxe batean girotua dago ia-ia osorik Ignacio Ferrerasen Arrugas animazioko filma, eta Alzheimerren gaitzari aurre egiten ari zaio protagonistetako bat, Emilio. Xehetasun horietatik harago, ordea, bakardadeari eta adiskidetasunari buruzko filmada, umore printza neurtuz samurtua. Paco Rocaren Rides (Delcourt, 2007) nobela grafikoa du oinarri (Astiberrik urte berean kaleratua gaztelaniazko bertsioan, Arrugas izenburuarekin).

Alzheimerra duen pertsonaia, zahar etxea… Zerk eraman zaituzte gai eta giro ez oso ohiko horietara?

Roca: Kezkatzen nauten gauzei buruz egiten dut komikia, eta zahartzaroak kezkatu egiten nau, batez ere nire gurasoak zahartzen hasi zirenetik. Haien egungo kezkak ulertzeko ahaleginetik sortu zen nire lana. Gero, adiskide baten aitaren kasuak eraman ninduen Alzheimerren gaitzaren gaiari heltzera. Azkenik, zahar etxeen gaira jo nuen ezinezkoa delako lan bakarrean heltzea zahartzaroaren alderdi guztiei. Dena den, uste dut bai komiki lana eta bai filma pertsonen bakardadeari buruzkoak direla funtsean.

Ferreras: Une batzuetan erabat ahaztu ere egin nuen nik filmak Alzheimerren gaitzaren gaia jorratzen duela, edo zahartzaroarena. Nire kezka pertsonaiak ziren. Film batek, funtzionatuko badu, pertsonaiei eman behar die indarra. Ezin duzu gai abstraktu bati buruzko film bat egin: gaitz bati buruzkoa, instituzio bati buruzkoaedo egoera bati buruzkoa. Pertsonaiei buruzkoa izan behar du derrigor filmak. Arrugas bi zaharri buruzkoa da, eta, horrenbestez, zahartzaroari buruzkoa ere bai, baina pertsonaien bidez beti.

Emilio eta Miguelen arteko aldeek joko handia ematen dute filmean.

Roca: Komikia idazten hasi nintzenean, alzheimerrari buruz idatzi nahi nuenez, Emilio zen pertsonaia nagusia, eta Miguel istorioaren kontalari lanak egiteko sortu nuen. Baina Miguelek gero eta indar handiagoa hartzen du, benetako protagonista izatera iritsi arte. Eta Miguelen drama nagusia bakardadea da. Ederra da pertsonaiek indarra eta bizitza propioa hartzen dutela ikustea.

Gai gogorra planteatzen du filmak, baina umorea alde batera utzi gabe.

Roca: Alzheimerren gaitzarena errealitate gogorra da, baina testuingurutik kanpora umorerako aukera handia eskaintzen duten anekdotak ematen ditu. Horrekin ere jokatzen du istorioak.

Ferreras: Istorio orok ditu drama eta komedia zatiak. Umoreak filma eramangarriago egiteko zeregina du; baina, horretaz gain, umorea, kasu honetan, beharrezkoa da filmak islatzen duen errealitatearekiko fidel izateko.

Nola planteatu zenuten komikiaren egokitzapena filma egiteko?

Ferreras: Pacoren komikiaren estiloa oso egokia zen animaziorako, eta ez zuen aldaketarik eskatzen. Gero, Pacok pertsonaien diseinua egin zuen, eta gehiegi konplikatu zituen hasieran. Komikiaren ildora gehiago hurbiltzeko esan behar izan nion.

Roca: Eskola utzi nuenez geroztik inork ez dit egin Ignaciok egin zidana: gorriz tatxatu eta atzera bota nik egindako lanak. Lehen kolpea aurkako erreakzioa izan zen, pentsatzea bestea dagoela oker, baina gero jabetu nintzen oso diferentea direla komikia eta animazioa.

Bien arteko zein desberdintasun dira aintzat hartu beharrekoak?

Ferreras: Alde horretatik begiratuta, arlo narratiboa arlo grafikoa baino garrantzitsuagoa da. Arlo grafikoan ere badira kontuan hartu beharreko desberdintasunak komikiaren eta animazioaren aldean, baina, narratibaren arloari dagokionez, kontuan hartu behar da animazioa film bat dela, beste medio bat. Denbora mugatua duzu, egitura lineala, ezin duzu atzerako martxa komikian bezain erraz jarri. Ikusleak filmaren garapena galdu gabe jarraitu ahal izango duela ziurtatu behar duzu, eta hori zailagoa da animazioan komikian baino. Ordena zehatzagoa eskatzen du.

Roca: Komikia irakurtzen ari zarenean noiznahi geldi zaitezke, atzera jo eta zerbait gogora ekartzeko, baina filmean ezin da hori egin, ikuslea harrapatuta eraman behar duzu une oro.

Ferreras: Pelikulek, nire ustez, musikaren antz handiagoa dute literaturarena baino, egituraren aldetik behintzat.

Asko falta al da komikia eta animazioa haur edo gaztetxoentzako baino ez direla dioen aurreiritzia gainditua izateko?

Roca: Antzeko bideak egiten ari dira, baita terminologian ere. Nobela grafikoa terminoa asmatu da komikitik bereizteko, eta animazioa marrazki bizidunetatik bereizteko. Baina argi dago biek dutela nahikoa tresna edozein gaijorratzeko. Arrugas irudi errealekin beste gauza bat izango zen. Irudi errealekin ezinezkoak liratekeen une poetikoetarako aukera ematen du animazioak.

HURRENGO EMANALDIAK

Gaur: Kursaal 2n, 09:30ean; Principe 7n, 18:30ean; Antiguo Berri 8n, 22:45ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.