Film labur esperimentalak emango dituzte Donostian

Clermont-Ferrand zinemaldiko film labur ausartenez gain, hitzaldiak ere izango dira Tabakaleran

ESTITXU ZABALA DONOSTIA
2008ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Clermont-Ferrand Nazioarteko Zinemaldiko filmak ikusteko aukera izango da datozen egunotan Donostian. Hala, gaur hasi eta igandera bitartean, film labur esperimentalak eskainiko dituzte Tabakaleran. Clermont-Ferrandeko (Frantzia) Labo sailean parte hartu duten ikus-entzunezko guztiak ekarri dituzte Gipuzkoako hiriburura. Horretaz gain, hitzaldiak eta eztabaidak ere egingo dituzte filmen zuzendariekin.

Azken 30 urteetan formatu laburreko lanak erakusteko aukera garrantzitsua eman du Frantziako zinemaldiak. Gainera, mundu horretan dabiltzan sortzaile, ekoizle, banatzaile, kritikari eta ikusleentzako urteko erreferentzia nagusietakoa da. Labo saila duela zazpi urte sortu zen, zinema digitalean leherketa sortu zenean.



PROFESIONAL ETA ZALEEN TOPAKETA. Joxean Muñoz Tabakalerako zuzendari nagusiaren arabera, Labo da zinemaldi horretako sailik ausartena. Izan ere, kontakizun filmikoetarako molde berrien aldeko apustua egiten dute sortzaileek. «Ikus-entzunezkoaren kulturak nahasten dituztelako lotu dugu bereziki Tabakalerarekin», argitu du Muñozek.

Emanaldiez gain, eztabaida saioak antolatu dituzte Tabakaleran. Profesional eta zaleen arteko topaketari garrantzia eman nahi izan diote; baita egile, ekoizle, banatzaile eta ikusleen arteko harremanari ere. Hala, filmak eskaini aurretik, arratsaldero hitzaldiak egingo dituzte, eta ondoren, mahai-inguruak egongo dira. Egun bakoitzean aurkeztutako film bateko egile bat egongo da eztabaidan. Gainera, www.tabakalera.eu webgunean eztabaidetako iritziak eta informazioa zabalduko dituzte, eta nahi duenak bere iritzia emateko aukera izango du.

«Istorioak beste era batera kontatzeko aukera ematen du Clermont-Ferrandeko zinemaldiak, eta gainerako nazioarteko zinemaldientzat faro baten funtzioa du», adierazi du Calmin Boretek, zinemaldiko arduradunetako batek. Tabakaleran egindako lanak Europan zirrara eragingo duela uste du Boretek.



egITaraua

Asteartea 26

17:30:Film laburren ildo artistiko berriak. Frederic Temps, zinema esperimentalean aditua, eta Borja Kobeaga.

20:00: Labo 1: Energie!, Drum Room, I met the walrus, A voyage of foreteller, The bohemian Rapsody project, Bully Beef, Sta ja znam, Fawn, Dog's mercury. Ondoren, solasaldia.



Asteazkena 27

17:30:Film laburraren promozioa eta hedapena gaur egun: euskal film laburrak munduan. Txema Muñoz, Kimuakeko koordinatzailea, Euskadiko Filmategia.

20:00: Labo 2: Around, Night vision, The tourists, This is my land, Copenhagen cycles, Plivnuti polibkem, Hezurbeltzak, Gravity, Son. Ondoren, solasaldia.



Osteguna 28

17:30:Film laburraren finantzaketa Europan. Koldo Zuazua ekoizlea.

20:00: Labo 3: Suspension, Orpheus descending, The apology line, Bildfenster/Fensterbilder, Yukata, Anhalter, Silencio, Forest murmurs. Ondoren, solasaldia.



Ostirala 29

17:30:Film laburra eta teknologia berrien aukera. Carlos Rodriguez zuzendaria.

20:00: Labo 4: Artificial Worlds, V.3.0, Who by water, Inmortal stories, Strange boutique, L'automne, Do-it-yourself, Pika pika lightning doodle project, Plotpoint. Ondoren, solasaldia.



Larunbata 1

19:00: Labo 5: Cigaretta Mon amour-Portrait meines vaters, 45 cm, 1977, Entracte, Las cinco de la tarde, Kleit, Milk teeth, Yours truly.Ondoren, solasaldia.



Igandea 2

19:00: Labo 2008ko film laburren hautaketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.