Ondarroan donostiarra dela esaten du, eta Donostian ondarroar dela. Ondarroanjaio zen, 1975ean, eta egun Donostian bizi da. Gipuzkoako hiriburuan bizi, baina Bizkaiko kostako herria beti du gogoan. Gogoan izan du, esaterako Ondar ahoak film laburra sortzeko orduan. Izenburutik beretik hasita egiten dio keinu Ondarroari Aldarondok. Baina istorioan ere Ondarroak badu bere garrantzia, edota Ondarroako behinolako arrantzaleek, zehatzago esanda.
Aldarondoren filma Kimuak programarako hautatu zuten 2010. urtean. Gaur Donostiako Viktoria Eugenia antzokian eskainiko dituzte katalogo horretan sartu dituzten bederatzi film laburrak, 20:00etatik aurrera: Isabel Hergueraren Ámár, Asier Altunaren Artalde, Enrique Garcia eta Ruben Salazarren Daisy Cutter, Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxeren Exhibition 19, Kote Camachoren La gran carrera, Miguel Angel Jimenezen Khorosho, Borja Kobeagaren Un novio de mierda, Leon Siminianiren El premio eta Aldarondoren Ondar ahoak, hain zuzen ere.
Argazki zahar batzuen bidez, itsasoko bizitzaren inguruko istorio xume bat kontatzen du Aldarondok Ondar ahoak-en: «Aitona ondarroarra eta arrantzalea nuen.Etxean argazki zahar batzuk topatu nituen, gehienak Ternuakoak ziren, baina bazeuden Ondarroako batzuk ere. Nire aitonak ateratakoak edo berari ateratakoak ziren argazkiak. Irudi horietan ikusten da, esaterako, haien baporea erabat izozturik. Irudi batzuk izugarriak ziren, eta itsasoaren inguruko lantxo bat egiteko egokiak iruditu zitzaizkidan».
Argazkiak bazituen, gaia bazuen, erabili beharreko hizkera aukeratzea zuen hurrengo egitekoa. Hasiera batean pentsatu zuen benetako aktoreekin egitea filmaketa, argazkien irudien gainetik «istorio dramatizatu» bat egiteko, baina gero aukera hori baztertu egin zuen: «Ez nuen oso garbi ikusten zer kontatu nahi nuen. Eta ez nekien dokumental bat izango zen edo poema bisual bat edo zer generotan egin behar nuen».
Azkenean, argazkiak «animatzen» hasi zen, berak lehen ere erabilia zuen teknika erabiliz; «nahiko modu naturalean», beraz: «Dena ordenagailuz egina dago. Argazkiari hondo edo atzealde bat ematen diozu. Horretaz gain, kamera digital bat erabiltzen duzu. Ez da hain teknika zaila edo berezia». Baina lortzen den efektua bai da berezia, irudi estatiko batzuek bizia hartu eta mugimendua sortzen baita.
Arrantzaren munduari eta aitonari egindako keinuak etengabeak dira film laburrean. Esaterako, amaieran, ontzi bat ikusten da itsasoko uretan hondoratzen. Aldarondoren aitona itsasoan zendu zen, haien baporea hondoratuta. «Filmean ageri dena ez da benetan hondoratu zen itsasontzia. Filmean ez dira kontatzen gauza zehatzak, ez dago istorio zehatz bat, baina ugari dira detaileak eta keinuak. Neuk ere ez nuke jakingo esaten zein generotako lana den».
Almandozen arrastoa
Bideoklipak, iragarkiak egiten lan egin izan du, besteak beste, Aldarondok, baina film laburren bat edo beste ere egin izan du, batez ere Koldo Almandozekin elkarlanean. Ondar ahoak egiteko ere Almandozen laguntza izan du, batez ere gidoia osatzen eta muntaketa egiten. Off ahotsa ere Almandozena da. Haren eskua agerikoa dela uste du zuzendariak berak: «Filma amaituta ez nintzen konturatu. Beste batek esan zidan gero, eta egia da, Almandozen film laburren ukitu handia dauka».
Kimuak katalogoan izateak euskal zinemagilearen lana asko zabaltzen duela uste du Aldarondok. Filma izaten ari den harrerarekin kontent dago, eta aurrerantzean ere jarraitu nahi luke zinemaren munduan, nahiz eta buruan ez duen «modu profesionalean» lan egitea ezta film luzerik egitea ere. «Istorioak kontatzeko behar bat izaten dut, eta pentsatzen dut jarraituko dudala». Istorioak kontatzeko behar hori betetzeko film laburrak oso egokitzat ditu Aldarondok. «Film laburrak ez dira beste genero bat, beste formatu bat baizik. Denboraren berezitasuna daukate, baina ni oso eroso sentitzen naiz film laburren hizkuntzarekin. Badira istorio batzuk ezin direnak kontatu film luzeen bidez. Literaturan badira istorioak nobela bat behar dutenak eta badira beste batzuk ipuin direnak. Zergatik luzatu behar dira istorioak, beren laburrean ondo kontatuta badaude? Badira film luze batzuk zeinek ideia on bat duten oinarrian, baina gero gehiegi luzatzen diren».
Angel Aldarondo. Zinemagilea
«Film laburrak ez dira beste genero bat, beste formatu bat baizik»
'Ondar ahoak' lanaren egileak film laburren «autonomia» aldarrikatzen du. Gaur Donostiako Viktoria Eugenia antzokian eskainiko dute bere lana, Kimuak katalogoko beste film laburrekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu