200.000 euroz lagunduko ditu Nafarroako Gobernuak sei film luze, hiru film ertain eta bost film labur. Bi anai filmaren zuzendari Imanol Rayo iruindarraren bigarren lana egin ahal izateko, 17.750 euroko laguntza jasoko du, esaterako, Orio produkzioak ekoizpen etxeak. Right In The World deituko da lana, eta Nafarroan filmatuko dute, inglesez. Zenbait pertsonaiaren 25 urteko bilakaera kontatuko du lan horrek.
20.000 euro jasoko dituzte Maitena Muruzabalek eta Candela Figueirak Blue Lips izeneko drama koralagatik, eta 18.000 Asier Anduezak Zoe, mi amor pelikulagatik. Maite Bermudezen Ventanas adentro lanagatik, 10.000 euro jasoko ditu ekoizpen etxeak, eta beste hainbeste Francisco Aizanda zinemagilearen Sapos y culebras filmaren ekoizpen etxeak. 7.000 jasoko ditu Joaquin Calderon-ek Pablo Sarasate biolinistari buruzko dokumental luzeagatik.
Diego Arregik sortutako Navazonia dokumentalak eta Jose Luis Pimoulier zinegilearen X Films lan ertainek 30na mila euro jasoko dituzte. Julia Juanizek 17.600 euroko laguntza izango du, Marijose Rekalde artistari buruzko dokumentala egiteagatik, eta 15.000 euro jasoko ditu Andrea Jaurrietak Los años dirán film laburra egin ahal izateko.
Zumeta eta Laboa, Gernikan
Mikel Subiza eta Laida Azkonak dantzan oinarritutako film labur esperimental bat sortuko dute, Ciento volando izenekoa. 10.000 euroko laguntza jasoko dute horretarako. Angel Sandimas zuzendariak Gernika 3Dko animaziozko film laburra egingo du, Jose Luis Zumeta artistaren eta Mikel Laboa abeslariaren lanak abiapuntutzat hartuta.
Urko Mauduitek 4.950 euro jasoko ditu film labur bat egiteko, eta Donald F. Navasek, 1.700.
Filmak ekoizteko, 200.000 euro eman ditu Nafarroako Gobernuak
Imanol Rayo zinema zuzendariak ingelesez filmatuko duen lan luzea da laguntza jaso dutenetariko bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu