Filmak sarean zabaltzeko plataforma sortu dute hainbat multinazionalek

DVDaren beheraldiari aurre egiteko xedez sortu dute zerbitzua Paramount, Warner eta Foxek, besteak beste

John McMahon, Sony enpresako ordezkaria, DECEren aurkezpena egiten, Bruselan. ANDREAS FOZZMAN / FLICKR.
Agentziak
Los Angeles
2011ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
DVDen salmentaren beheraldiak ez du etenik AEBetan. 2010ean, %16 gutxitu ziren; 2009an,%17. Krisi ekonomikoarekin bainoago, etxean zinema kontsumitzeko ohituren aldaketarekin du zerikusia joera horrek, sektoreko multinazionalek diotenez. DVDaren aldean, filmak Internet bitartez eskuratzeko aukera lehenetsi dute kontsumitzaile askok, eta egoera berriaz jabetuta, zinema lanak sarearen bidez zabaltzeko plataforma digitala eratu dute sektoreko hainbat enpresa multionazional handik: Fox, Paramount, Universal, Warner, Microsoft, IBM eta Nokiak, besteak beste.

Digital Entertainment Content Ecosystem (DECE) deritzon taldea sortu dute, eta haren barruan abiaraziko dute UltraViolet zerbitzua, zeinaren bitartez ekainetik aurrera filmak erosteko harpidetza egin ahalko duten AEBetako erabiltzaileek. Erresuma Batura eta Kanadara zabaltzeko asmoa dute sustatzaileek, baina ez dute jakinarazi beste herrialderen batean merkaturatuko duten ondoren.

UltraVioleten bitartez, filmak eta telesailak barik, horiek eskuratu ahal izateko baimenak salduko dizkiete erabiltzaileei. Hartara, erosleak gura duen euskarrian gorde ahalko ditu filmak, eta nahi beste kopia egiteko aukera izango du. Nolanahi ere, baimen bakoitzeko hamabi aparailu baino ezingo ditu erabili. Hau da, erabiltzaile bakoitzak aurrez zehaztu beharko du zein aparailu erabiliko duen filmak deskargatzeko. Eta baimen bakoitzeko ezingo dira hamabi baino gehiago erabili.

Disney eta Apple, kanpoan

«Pirateria saihesteko» hartu dute erabaki hori DECEko enpresek. Orobat, UltraVioleten bitartez zabaldutako softwareak babes sistema bat izango duela azaldu dute, «erabilera desegokia» ekidite aldera. Egunotan Las Vegasen egiten ari diren azoka batean aurkeztu dute egitasmoa. Filmak banatzeko euskarri estandar bat sortu nahi dutela diote, garai batean VHSa eta DVDa merkaturatu zituztenez. Applek eta Disneyk hortik kanpo geratzea erabaki dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.