Filmak

2011ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun

ZABALTEGI-BEREZIAK



'Carrière. 250 metros'. Juan Carlos Rulforen (Mexiko Hiria, 1964) filmak Jean-Claude Carriere idazle eta gidoilariaren bizitza eta lana azaltzen ditu. Luis Buñuelen lankide leiala izan zen Carriere. Ehundik gora gidoi idatzi zituen, eta duela gutxi Espainiako Letren eta Arteen Ordenarekin saritu dute. Bidaia hunkigarria da filma. Bertan Carrierek gogora ekarriko ditu bere bizitza markatu duten tokiak, hala nola New York, Paris eta Toledo (Espainia).

'Le chat du rabbin'. Antoine Deslevaux eta Joann Sfarren animazio filmak errabino baten eta haren katu berritsuaren abentura sinestezinak kontatzen ditu. Afrikako hiri galdu bat aurkitzeko espedizio batean parte hartuko dute. Film luzerik onenaren Cristal saria irabazi zuen filmak, Frantziako Annecyko animazio jaialdian. Joann Sfar marrazkilariak ospe handia du komikiaren munduan. Zineman ere eginak ditu lanak. Esaterako, Gainsbourg, vie heroique.

'Crazy Horse'. Frederick Wiseman estatubatuarraren (Boston, 1930) film dokumentalak Parisko Crazy Horse kabaret ospetsuaren barrualdea erakusten du. Wiseman Ameriketako dokumentalaren mito bizidun bat da. AEBetako gizarte, erakunde publiko eta lan esparruari egindako kritika zorrotzek egin dute ezagun. Titicut Follies (1967), High School (1968), Meat (1976) eta Model (1980) dira haren lanetako batzuk.

'George Harrison: Living in the Material World'. Martin Scorsese zuzendariaren (New York, 1942) film dokumentalak Beatles talde mitikoko musikariaren bizitza eta ibilbidea ditu ardatz. Paul McCartney, Ringo Starr, Yoko Ono, Phil Spector eta beste hainbeste pertsona ospetsuren lekukotasunak bildu ditu Scorsesek, eta orain artean inoiz argitaratu ez diren irudi eta soinu grabaketekin tartekatu ditu, Harrisonen irudia berregin eta haren ibilbidea hobeki ezagutarazteko asmoz.

'Nochi no hi (The Days After)'.Kaidan-horror classics fantasiazko telesailean Hirokazu Kore-eda japoniarrak (Tokio, 1962) eginiko atala erakutsiko du Zinemaldiak. Lan horretan, hurkoak galtzearen eta doluaren inguruko hausnarketa poetikoa egiten du Kore-edak, hildako semearekin harremana mantentzen duten senar-emazteen istorioa kontatuz. Hirutan lehiatu da japoniarra Zinemaldian, After Life (1998), Hana (2006) eta Still Walking (2008) lanekin.

'Sur la planche'. Iazko Zinemaldian Zinema Mugimenduan saria irabazi zuen Leila Kilani marokoarraren (Casablanca, 1970) fikziozko lehen film luzea da Sur la planche. Bi gazte marokoarren bizi-baldintza latzak azaltzen ditu. Kilanik Cannesko Errealizadoreen Hamabostaldian parte hartu zuen iaz. Aurrez ere eginak ditu bi film dokumental: Tanger, le reve des bruleurs (2003) eta Nos lieux interdits (2009).

ZABALTEGI- GAUERDIKO BEREZIAK



'Le Moine'. Matthew Gregory Lewis idazleak XVIII. mendean idatzitako eleberri gotikoa zinemara egokitu du Dominik Moll zuzendari alemaniarrak (Buhl, 1962). Espainian eta Frantzian ekoitzitako thriller bat da, deabruarekin ituna egitea erabakitzen duen fraide bati buruzkoa. Vincent Cassel, Deborah François, Sergi Lopez eta Geraldine Chaplin dira filmeko aktore nagusiak.

'Snowtown'. Nerabe baten eta ezagutu berri duen aitaren arteko harreman liskartsua jaso du Justin Kurzelek lan horretan. Kurzelen aurreneko lana da. Cannesko Jaialdiko Kritikaren Astean lehiatu zen iaz, eta aipamen berezia jaso zuen.

Pinku Eiga Gaua. 60ko eta 70eko urteetan Pinku Eiga izenpean Japonian eginiko zinema erotikoko klasiko bi emango dituzte: Masaru Komunaren Hana to hebi (Flower and Snake) eta Noboru Tanakaren Edogawa rampo ryoki-kan: yaneura no sanposha (Watcher in the Attic).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.