Final estua

Julio Soto eta Xabier Silveira dira faborito gaur Iruñeko Labrit frontoian jokatuko den Nafarroako Txapelketako finaleanMaila oneko saioa izango dela aurreikusten dute txapelketa gertutik jarraitu dutenek

Inigo Astiz
Iruñea
2011ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Lehia estua izango da gaur Iruñeko Labrit frontoian 17:00etan hasita jokatuko den Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean. Oso estua. Julio Soto eta Xabier Silveira dira faborito, iazko txapelduna eta orain bi urtekoa. Baina gertu dituzte beste sei bertsolariak: Estitxu Arozena, Julen Zelaieta, Oskar Estanga, Eneko Lazkoz, Jon Barberena eta Xabier Terreros. Maila ona erakutsi dute guztiek aurreko faseetan, eta 400 puntuen bueltan aritu dira egindako saioetan. Silveira eta Sotoren puntuazioetatik ez oso urrun. Beharrezkoa izango dute erregulartasuna goiko postuetara heltzeko gaur bertsolariek, eta dirdira uneren bat ere bai, gainera, txapeldun izan nahi badute. Txikia izango baita pasaren eta faltaren arteko tartea gaur Labriten.

Bertsolaria eta Nafarroako Bertsozaleen elkarteko lehendakaria izan da orain hilabete gutxiarte Manolo Arozena. Hiru hitzez deskribatzen du finala: «Irekia, polita, handia». Irekia eta polita, lehia egongo delako eta hautagai argirik ez dagoelako. Eta handia, maila altukoa izango delako. «Azken hogeita hamar urteetan urtero egin da txapelketa, eta aurtengoa izango da, dudarik gabe, bertso mailari dagokionez, sekula izan den handiena».

Orain bi urte Soto eta Silveira aritu ziren Elizondoko finalean jokatutako saioan. Parez pare ibili ziren botatako hamalau bertsoetan, eta buruz burukoan aritu behar izan zuten, bien arteko aldea 20 punturena baino txikiagoa zelako. Gaurko finaleraino heltzen da saio haren itzala. Goian ikusten ditu aurten ere Joxema Leitza Nafarroako Bertsozale Elkarteko kideak bi bertsolariak. «Orain arte hobekien aritu direnak izan dira, eta urte osoan haiek dira plaza gehien egin dituztenak. Zaila da Labriten biek huts egitea, baina bertsotan egin beharko dute gora heltzeko. Ezin dira deskuidatu».

Curriculuma dute alde Sotok eta Silveirak, Arozenaren hitzetan. Sei txapel ditu lesakarrak, eta Gorritikoa, berriz, «behetik gora dator». Adi egon behar, ordea. Julen Zelaietak eta Estitxu Arozenak ere jantzia dute txapela lehenago, eta beste bertsolariak ere gogotsu daude. «Irristaldi txiki bat aski da puntan ez egoteko. Oso erraza da huts egitea, eta are errazagoa asko samar jokatzen denean. Horren zain daude Arozena, Estanga, Lazkoz... Denak. Oilar joko bat badago, eta ona da hori». Aurten ere ziurtzat jotzen du buruz burukoa Arozenak. «Izenik ezin dut esan, baina ez dut inor ikusten besteei puntuazioan bentaja handia ateratzeko gai. Buruz burukoa egongo da. Finalaren gailurraren gailurra izango da».

Berezia da finala Iruñean jokatzea, gainera, Leitzak dioenez. «1993tik ez da finalik egin hemen, eta, gainera, indar berezia hartu du bertsoak Iruñean azkenaldian. Erdal gunea da, baina saio on dezente egiten dira. Finala Labriten egitea, bada azken urteetako lanaren emaitza. Orain hogei urtetik hona zeharo aldatu da panorama. Mugimendu oso baten punta da Labriteko saioa».

Bere esperientziara jotzen du Arozenak, eta Leitzaren iritziarekin bat egiten: «Orain 18 urte izan nintzen ni txapeldun azkenekoz, Iruñean, Gaiarre antzokian. Baina orduko finalak ez du oraingoaren antzik. Maila asko igo da. Bertsolari multzoa egin da, batez ere, maila handikoa. Eta multzo on batek egiten dufinal on bat».

Txapelketaren prozesua

Ez da saio bateko kontua, Leitzaren hitzetan. «Txapelketa prozesu bat da. Ibilbide baten erakusgarri». Horrek azaltzen du bertsolarien mailaren gorakada, haren ustez. «Orain zazpi bat urte, Lazkozentzat, adibidez, zaila zen bere burua finalean ikustea, baina ibilbide baten ondoren, emaitzak jaso ditu. Finalean izateko motibazio horri eustea zaila da, bertso zaletasun handirik izan ezean. Orain zaila da bertsolari berrientzat maila horretara heltzea, baina hemendik sei zazpi urtera beste labealdi bat etorriko da, eta gaur agertoki gainean izango direnek zailtasunak izango dituzte azken saiora heltzeko».

Bertsoak entzun behar orain. Arozenak eman du abisua: «Ongi dago gaurko finalaz hitz egitea, baina bihar hitz egin behar genuke berriz. Orduan jakingo dugu, akaso, gaur hitz egindako ezer ez dela bete».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.