Fito Rodriguezek liburu bat osatu du biktimei buruzko aforismoekin

'Biktimari agurka' lanean, testu laburrak bata bestearekin kateatu ditu, haiekin hari moduko bat osatuz

Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2012ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
«Twitter perfektuak». Hala definitu ditu Antonio Casado da Rocha EHUko irakasleak Fito Rodriguez idazlearen Biktimari agurka aforismo liburuko testuak (Utriusque Vasconiae). Casado da Rocharen esanetan, ideiak agerrarazteko aski da testu zehatz eta laburra. Formatu txikiko liburua da, esaldiak argi bereizita, bakoitzak barnean esanahi asko gordetzen dituela erakusteko. EHUko irakaslearen ustez, aforismoak pixkanaka eta talde txikitan aurkeztu behar dira: «Kontuz ibili behar da aforismo betekada hartzearekin. Laburrak direnez, errazak eta arinak ematen dute, baina hitzek pentsamendu mardulak ezkutatzen dituzte».

Aforismoak tradizioaren zati diren arren, garaikideak eta berritzaileak ere egin daitezkeela nabarmendu du Casado da Rochak: «Liburua, jolas moduan egindako lana da. Kritikak, paradoxak eta gogo ariketak biltzen ditu». Biktimen gaiak aforismoak bata bestearekin kateatzen ditu, kontakizunari haria emanez. «Kritika modu umoretsuan eginda dago. Friedrich Nietzschek esan zuen bezala, aforismoak geziak bezala dira, azkar jo behar dute eta gauzen mamiari eman». Rodriguezek deseraikitze prozesua egiten du: «Hasiera budista dirudi, oinazea eta heriotza protagonista hartuta, egiaren bila doan testua osatuz. Amaieran, itxaropen modukoa nabari da».

Biktimak gizarte guztietan

Casado da Rocharen ustez, aforismoak pil-pilean daude gaur egun: «Krisia gailendu den gizartean, hitzen ekonomia inoiz baino beharrezkoagoa da».

Jokin Apalategi soziologo eta idazlearen esanetan, gizarte guztietan ulertu daitezke Rodriguezek idatzitako aforismoak: «Biktimak gizarte guztietan daude. Erraz sortzen dira biktimak. Animalia guztietan ankerrena gizakia da; Platonek esan zuen horri aurre egiteko gizarteak arauak, erreferentziak behar zituela, eta justizia asmatu zuten. Baina gaur egun, oraindik zaila da justizia egitea, zehaztea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.