Paco Ibañez eta Javier Ruibal musikariak izango dira XII. Bidasoafolkeko egitarauko buru. Aurten, Espainiako musikak leku zabala izango du jaialdian, eta flamenkoa eta doinu mediterraneoak nagusituko dira berton. Reggaeak eta Galesko musikak ere tartea izango dute egun horietan. Kontzertuak hurrengo astean egingo dituzte, abuztuaren 23tik 26ra bitartean, Irunen (Gipuzkoa), Hondarribian (Gipuzkoa) eta Hendaian (Lapurdi).
Jaialdiko lehen kontzertuan, Javier Patxariño txirula eta saxofoi jotzailea arituko da, Luis Ordoñez eta Manuel Lucenarekin batera, hilaren 23an, ostegunean. Musikariek Mediterraneo aldeko doinuak ekarriko dituzte Hondarribiko Banako aretora.
Bigarren egunean, berriz, Javier Ruibal Andaluziako (Espainia) kantautorea arituko da, Hondarribiko Arma Plazan. «Sormen handiko artista da, flamenkotik gertukoa», azaldu du Josean Martinek, jaialdiko programazio buruak. Ruibalek aldean Iñaki Salvador musikari gipuzkoarra izango du. Egun berean, Mediterraneo aldeko musika flamenkoarekin eta Latinoamerikako musikarekin nahasiko du Las Migas taldeak. Alba Carmona buru, eguneko egitaraua osatuko dute.
Galesko doinuak eta reggaea
Larunbatean, Galesko folk doinuek eta reggaeak hartuko dute lekukoa, Calanen eta Boulevard des Airs Frantziako taldearen bidez, hurrenez hurren. Martinen hitzetan, Galesko musika tradizionalari «ukitu modernoa» ematen diote Calaneko kideek. Frantziarrek osatutako orkestra, berriz, reggae doinuetan murgiltzen da. Hendaiako Bidasoa zelaigunean izango dira talde biak.
Iruneko Urdanibia plazan amaituko da jaialdia, hilaren 26an. Mexikoko doinuek tartea izango dute, Mono Blanco taldearen eskutik. Izan ere, son jarochoak ekarriko ditu hark. Egun eta leku berean arituko da Paco Ibañez kantautorea. Espainiako literaturako hainbat poeta klasikoren lanak musikatzeagatik da ezaguna.
Flamenkoa eta Espainiako autore musika nagusituko dira Bidasoafolken
Paco Ibañezek, Javier Ruibalek eta Las Migas taldeak joko dute; Gales eta Mexikoko folkak ere lekua izango du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu