'Flores' Ikuspuntuko onena

Jacomeren lana saritu du Iruñeko jaialdiko epaimahaiak. Dorsky jo dute zuzendari onen

Marina Lameiro nafarraren Young & Beautiful-ek Ikusleen Sari Berezia jaso du.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2018ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Atzo amaitu zen Nafarroako Zinema Dokumentalaren 12. Nazioarteko Jaialdia, eta Portugalgo ekoizpen batek jaso du Film Onenaren saria: Jorge Jacomeren Flores (Loreak) lanak. Rebecca Baron, Fran Gayo, Paolo Moretti, Nicolas Pereda eta Celine Browezek osatutako epaimahaiaren arabera, Jacomeren lanak saria merezi izan du «osagarri kontraesanezkoak nahazten dituelako, eta unibertso poetikoa eta pertsonala eraikitzen duelako». Azoreetan dago girotuta filma, eta krisi naturaleko egoera bat agertzen du, hortentsien inbasio bat tarteko. Filma «post-apokaliptikoa eta bukolikoa, artegagarria eta sentsuala, tradizionala eta futurista» iruditu zaie aldi berean epaimahaikideei.

Zuzendari Onenarentzako Jean Vigo saria, berriz, Nathaniel Dorsky estatubatuarrari eman diote, Elohim, Or Divine Beings,The Energy of Light as Creation (Elohim, edo gizaki jainkotiarrak, argiaren indarra sorkuntza gisa) pelikulagatik. Film horretan ere, natura da ardatz. Joan den udaberrian ekaitz sorta batek Kalifornian (Ameriketako Estatu Batuak) hainbat urtetako lehortea uxatu izanak ekarri duen loraldia azaltzen du Dorskyk. Horretarako, San Frantziskoko Golden Gate parkeko Arboretumeko argia aztertu du, eta zazpi pelikula eman. Zazpi film horietatik lehena da Elohim. «Zuzendari gutxik lortzen dute beren pelikulak arnasa hartzen duten izaki bizidunak direla sentiaraztea. Honek bai», epaimahaikideen iritziz.

Film Laburrik Onenaren saria, berriz, Deborah Stratmanen Optimism-ek jaso du. Kanada iparraldeko Yukonen, Dawson Cityn dago filmatuta lan hau, urre bilatzailez, kankan dantzariak, curling jokalariak, urtzaileak eta funtzionarioak gurutzatzen diren melange «dotorea, ludiko eta adimentsu» batean.

Ikusleen saria, Lameirori

Bi zuzendari euskal herritarren lanak ikusi ahal izan dira aurten Ikuspuntu jaialdiko Sail Ofizialean: Maddi Barberrek Christopher Murrayrekin eta Charlotte Hoskinsekin batera zuzendutako Yours Truly ,eta Marina Lameiroren Young & Beautiful. Azken lan horrek jaso du, hain zuzen ere, Ikusleen Film Onenari Sari Berezia.

Epaimahaiak, azkenik, aipamen berezia egin dio Jonathas de Andrade brasildarrak O Peixe pelikulan egin duen zuzendari lanari. «Ustez etnografikoa den enfokea esperientzia zinematografiko artegagarri eta harrigarria» bihurtzen duelako.

Donostiako Zazpi t'erdi etxearen La vía flotante proiektua aukeratu dute X Films atalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.