Fokutik kanpoko ikonoa

Calvin Johnson, AEBetako rock independentearen guruak Donostian joko du astelehenean

mikel lizarralde
2014ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Musikari batzuk ez dira musikari hutsak. Musikari batzuk zaleak dira lehendabizi, musika sustatzaileak beti eta belaunaldi gazteagoentzat segitu beharreko eredu askotan. Musikari izateaz gain. Calvin Johnsonek (Olympia, AEB, 1962) talde ez hain handi horretako partaide izateko merituak sobera ditu eginak, baina rock independentearen eremuan haren itzala luzea izanda ere, jarraitzen du izaten gutxiengoentzako gutizia bat. Independente bat. Datorren astelehenean Donostian ireki berri duten lokal batean, Dabadaban, ariko da Johnson.

«Rock-and-rolla punka da. Eta punka odola». Johnsonek orain dela hogei urte pasa eginiko adierazpen horrekin definitu zuen zer zen beretzat musika. Punka akuilu izan baitzuen musikarekiko interesa pizteko nerabe bat zela: «Punka interesgarria egin zitzaidan entzun nuen unetik beretik. 14 urte nituen. Gero, 1978an irrati programa bat egiten hasi nintzen Olympian bertan». Johnsonek lehen taldea sortu zuen, Beach Heads —«kontzertu bat eman eta desegin genuen taldea»—, fanzineetan idazten hasi eta berehala Sub Pop fanzine eta zigilu jendearekin harremanetan zen.

Beat Happening da, ziur aski, Johnsonen proiekturik ezagunena. The Velvet Undergroundek, The Modern Loversek, punkak, rockabillyak eta bestelako musika soil eta oinarrizkoek liluratuta, Johnsonek 1983an sortu zuen taldea, eta 1992ra bitartean rock eta pop independentea ulertzeko ezinbestekoak bilakatu diren bost disko grabatu zituen.

Beat Happeningek ez zuen amaiera ofizialik izan, baina 90eko hamarkadaren erdialdetik aurrera Johnson bestelako proiektuetan hasi zen lanean. Dub Narcotic Sound System-ek funkarekiko eta dantzarako musikarekiko zaletasuna landu zuen zenbait urtez, eta Halo Benders taldean Doug Martschekin (Built to Spill) lan egin zuen beste bost urtez.

Bere musika ibilbideari paraleloan, Calvin Johnsonek K Records diskoetxea gidatu du, oraindik ere independentziaren gotorleku dena. Beck, Bikini Kill, Built to Spill, Heavenly, Lois, The Make-Up... igaro dira noiz edo noiz bertatik.

Azkeneko urteetan bere izenpean kaleratu ditu hainbat lan Johsonek. Ez diote Beat Happeningekin une jakin batean izan zuen ospe txikia bueltatu, baina erakusten dute musikari estatubatuarrari ez zaiola talentua agortu. Bere baritono ahots ilunarekin segitzen duela rara avis bat izaten, molde estandarretara egokitzen ez den musikari aske bat. Disko berria ari da prestatzen, baina zaleek badute zerekin gozatu, argitaratu berri baitu lan bat The Hive Dwellers bere rock-and-roll taldearekin.

KONTZERTUA

Lekua: Donostiako Dabadaba aretoa.

Eguna: Astelehena, 20:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.