Beti gertatzen da zirraragarria, hamaika aldiz eginda ere, Scarborough Fair kantuaren Carthy jaunaren bertsioa entzutea.1965eko kantu horretan, folk ingelesaren azken lau hamarkadetako izenik nagusiena izango zenaren lehen urratsak sumatzen dira. Ondoren, salto egin, eta 2004ko The Maid of Australia entzun dezakegu. Inori ezer erakutsi behar ez dion artista helduaren kantua. Bietan Martin Carthy topatuko dugu, eta, ziurrenik, bere bertute nagusienetako baten, egoskorkeriaren indarraz konturatuko gara. Zorionez, bi kantuen artean dauden 40 urteetan, mundua erabat aldatuta ere, Carthyk hortxe jarraitzen du tradiziozko musikari txinpartak eragiten. Maisutasuna ez baita dohaia, bidea baizik.
Beste adibide bat; entzun 1976koGeordie izugarria, eta, ondoren, 2004ko Christ Made a Trance klasikoa. Bereari eutsi bakarrik ez, hasierako bidea sakontzen jarraitu duela adieraziko digu 70 urteko kantariaren ahots onduak. Eta zer esanik ez 1967ko Seven Yellow Gypsies entzun ondoren 1997ko Georgie entzuten badugu. Gitarraren sokak, kasik, perkusio gisara erabiltzen dituen nortasun handiko gitarristaren bilakaera sumatu ahal izango dugu. Horrela jarrai genezake Essential honetarako entzunketa gida pertsonala osatuz.
Diskoan biltzen diren 34 kantuetan musikari ingelesaren harribitxietako batzuk daude. Bakarrik zein Dave Swarbrick, John Kirkpatrick edo beste musikari lagunen alboan burututakoak. Finean, disko honetan bere bakarkako 10 diskoetako piezak biltzen dira, albo batera utzita Steeleye Span, The Albion Band, Brass Monkeys, The Watersons edota Watersons: Carthy taldeekin grabatutakoak. Ingalaterrako folk musikaren historia zatitxoak daude haietako bakoitzean.
Ez dakit zergatik, baina, batez ere, musikariei gustatzen zaizkie Martin Carthyren lanak. Miresmen eta inbidia apur batekin hitz egiten dute Carthy jaunaz munduko lau bazterretako folk klubetan, baina horrek ez du esan nahi besteok gozatu ederra hartu ezin dugunik Essential hau entzuten.Azken hamarkadetan itzal handienetakoa eduki duen folk musikariaren lana deskubritzeko, errepasatzeko edota freskatzeko erabil dezakegu.
Musika. MARTIN CARTHY.Diskoa:'Essential'.Diskoetxea:Topic.
Folk ingelesaren historia zatitxoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu