Aita Guatemalakoa du. Ama, Filipinetakoa. Gaztetan, baina, «orain hamar bat urte», aitaren aldeko arbasoak euskaldunak zirela kontatu zioten Jose Antonio Alkaiaga III.ari (Stamford, Connecticut, AEB, 1979). «Bidasoaren bueltakoak». Geroztik liluratuta dago Euskal Herriarekin. Eta, hain zuzen, hara egindako bidaietako batean egindako argazki batengatik saritu dute Parisko Argazki Sari entzutetsuan. Urrezko domina irabazi du argazkilari amateurren artean, kirol arloko mailan. New Yorkeko Pratt Institutu famatuan ikasi zuen, eta webguneen egilea, diseinatzaile grafikoa eta argazkilaria da egun. Pertsona atsegina, barnerakoia, umila, ilusio handiarekin ari da euskara ikasten New Yorkeko euskal etxean. «Hori baita Euskal Herriaren altxorrik handiena».
Beste edozein argazki bezala ateratakoa da Txinga eramatea izenekoa? Edo haren atzetik zenbiltzan?
Txinga eroatearen, kirolaren mugimendua ikusten ari nintzela gogoratzen dut. Egoera aztertu nuen, eta segidan konposizio egokia aukeratu, argazkikoa. Interesgarria iruditzen zitzaidan bi kirolariak elkarren ondoan eta bata bestearengandik gertu zeudeneko unea. Zain nengoen… Eta klik!
Txinga eroatearen berri ba al zenuen?
Bai, bai. 2008an, Euskal Herrian aurrenekoz egon nintzenean,saio bat ikusi nuen herri txiki batean. Ez dut izena gogoratzen… Harri-jasotzaile gazte bat hangoa da…
Errezilen ikusiko zenuen akaso?
Bai, hori da, Errezil! Argazkia, baina, 2009an ateratakoa da; Hendaiako pilotalekuan, hain zuzen ere. Manolo nire lehengusuak antolatzen ditu han herri kirol lehiaketak, eta gonbidatu egin ninduen.
Eta zuretzat zein esanahi dauka saria irabazi duen argazkiak?
Tira… Uste dut erronka pertsonal bat adierazten duela argazkiak. Zein urrun irits zaitezkeen erakutsi nahi diozu zeure buruari, edo zenbateko iraupena daukazun. Nork bere buruari jartzen dion erronka bat da. Bai, egia da, beste baten kontra ari zara lehian, baina norberaren buruaren kontrako borroka da azken finean; zure mugak non dauden probatzen ariko bazina bezala.
Hori adierazi nahi duzu zuk argazkiarekin. Baina argazkiak, bere soilean, lor al dezake sentipen horiek guztiak transmititzea?
Baietz esango nuke… Erronka bat adierazten du. Hor, atzean, epailea dago, eta irudiaren erdian lehiakideak. Elkarren kontra zein norberaren buruaren aurka lehian.
Zergatik zuri-beltzean?
Zuri-beltzean ateratako argazkiak zein koloretan egindakoak atsegin ditut. Zuri-beltza tonuengatik gogoko dut, gris ezberdin horiengatik… Dena sinplifikatzen da. Eta zerbait sinplifikatu nahi dudanean zuri-beltzera jotzen dut. Uste dut gaiaren araberakoa dela.
Koloretan izango balitz, indarra galduko luke saritutako argazkiak?
Bai, bai. Koloretan aspergarria litzateke. Pilotalekuak baditu bere koloreak, bai, baina ez dut uste interesgarria izango litzatekeenik.
Eta noiz konturatu zinen argazkia ona zela?
Negatiboa ikusi nuenean. Kamera analogiko batekin atera nuen argazkia. Hortaz, ezin izan nuen momentuan pantailan ikusi. Une horretako bi argazki atera nituen, eta negatiboak ikusi nituenean, konposizio onena zuena aukeratu nuen.
Ukiturik ba al du? Photoshop erabili al duzu?
Ez, ezer ez. Ez dut moztu, ez dut ukitu.
Zer eskatu zizuten sarirako?
Lehenik eta behin, irudi digitala eskatzen dizute. Gero, hautatzen zaituztenean, bereizmen handikoa bidali behar diezu.
Epaimahaiak sarituetako bat zinela esan zizunean harrituta geratu al zinen?
Nik uste nuen argazkia ona zela. Konposizioa, tonuak, gaia… Nahi beste argazki bidal ditzakezu, baina nik bakarra helarazi nien.
Zenbat argazki jasotzen dituzte maila bakoitzeko?
Ez dakit zehazki, baina badakit asko direla. Izan ere, izen oneko nazioarteko lehiaketa bat da.
Eta non edo noiz jarriko dituzte ikusgai argazkiak?
Jarri zituzten ikusgai, baina profesionalen arlokoak soilik. Argitaratuko duten liburuan, ordea, irabazle guztienak egongo dira ikusgai.
Une oro argazkiak ateratzen ari diren horietakoa al zara?
Ez… Gustatuko litzaidake, zergatik ez, baina ez dut ohitura hori. Une oro nabil gauza interesgarrien bila, eta zerbait ikusten dudanean, ba, sakelako telefonoko kamerarekin ateratzen dut argazkia. Inoiz ez dakizu zer gerta daitekeen.
Ateratzen al zara inoiz propio argazkiak egitera?
Bai, batzuetan, baina ez pentsa oso gauza ohikoa denik [barrez].
Kirol arloko argazki batekin saritu zaituzte. Zuk, ordea, zein motatako argazkilaritza duzu gustuko?
Errealitatea, egunerokoa islatzen dutenak atsegin ditut. Jendea bere zereginetan, gauza arraroak, kaleak… Zerbait bizirik dagoela adierazten duten argazkiak. Momentua. Eta jendea azaltzea behar dute. Egia esan, paisaien argazkiek eta halakoek ez naute hainbeste motibatzen.
Zer adieraztea gustatzen zaizu?
Argazkia ateratzen ari nintzen momentuan pentsatzen ari nintzena adieraztea. Horixe. Argazkiaren atzean dauden istorioak interesatzen zaizkit.
Metodorik ba al daukazu?
Ez… Begiratzea gustatzen zait. Jendeak zer egiten duen, zein keinu dituzten pertsonek, zein jokabide… Batzuetan igar dezaket zer egingo duten, eta gustatzen zait momenturako prest egotea.
Hortaz, fotokazetaritza gogoko duzu…
Bai, egia da. Pentsatu izan dut noizbait nire indar guztiak fotokazetaritzan jartzea… Baina gogorra dela esango nuke. Batetik, lana aurkitzea eta, bestetik, aurrera eramatea. Gozatu egingo nukeela uste dut, ordea… Fotokazetari ona izateko, psikologo ona izan beharra daukazu.
Proiekturik ba al duzu esku artean?
Lagunei erretratuak ateratzen dizkiet. Kafe bat hartzeko elkartu, adibidez, eta egoeren arabera, sentitzen dutena erretratuetan adieraztea. Baina momentuko gauza izan dadila, naturala.
Toki guztietan daude pantailak. Argazkiak edonon ikus daitezke. Argazkilaritza bere balioa galtzen ari al da?
Ezetz esango nuke. Argazki on bat argazki on bat da. Gaia interesgarria bada, ikuspegia diferentea eta konposizioa egokia, argazki on bat argazki on bat izango da beti. Ez du inporta kamera ona, txarra, zaharra edo berria izan: argazki ona izango da.
Jose Antonio Alkaiaga III.a. Argazkilaria
«Fotokazetari ona izateko, psikologo ona behar duzu izan»
Estatubatuarra da, baina aitaren aldeko arbasoak euskaldunak zituen. Hain zuzen, Euskal Herrira egindako bidaietako batean egindako argazki bati esker saritu dute Parisko Argazki Sari entzutetsuan, 'Txinga eramatea' izenekoari esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu