Donostiako 59. Zinemaldiko sail ofizialeko epaimahaia ezagutzera eman du gaur Jose Luis Rebordinos zuzendariak. Frances McDormand, Alex de la Iglesia, Guillermo Arriaga, Bent Hamer, Bai Ling, Sophie Mantigneaux eta Sophie Okonedok osatuko dute epaimahaia, baina oraindik izen bat falta da, eta hura baieztatu arte epaimahaiburua nor izango den ez esatea erabaki du antolakuntzak. Baliteke gaur bertan ematea falta den epaimahaikidearen izena, Rebordinosek adierazi duenez.
Gainerako sailetako epaimahaiei dagokienez, Zinemira sailekoa Ramon Agirrek, Maialen Lujanbiok eta Joxean Muñozek osatuko dute, eta Zuzendari Berriak sariko epaimahaia Jonathan Rosenbaumek, Lucia Casanik, Jessica Hausnerrek, Paz Lazarok eta Un-Seong Yook.
Gainontzean, nobedade gutxi ekarri ditu gaur goizeko aurkezpen ofizialak, aurreko asteetan atal guztietako pelikulen berri eman baitute antolatzaileek. Aipagarriena, Zabaltegi-Bereziak sailari beste film bat gehitu diotela: Jonathan Demmek zuzendutako Neil Young Life, kantari kanadarrak Toronton eskainitako bi kontzerturen grabazioa. Duela urte batzuk zuzendari berak Neil Youngen inguruan filmatutako beste pelikula bat, Heart of Gold, ikusi ahal izan zen Zinemaldian. Horrez gain, Antonio Banderasek El gato con botas filmaren 20 minutuko trailerra aurkeztuko du Kursaalen. Emanaldi honetarako gonbidapena jaso beharko da.