Donostiako Zinemaldiak gaur jakinarazi duenez, Frances McDormand aktorea izango da Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialeko epaimahaiburua. Beste sei lagunek osatuko dute epaimahaia: Alex de la Iglesia eta Bent Hamer zuzendariak, Guillermo Arriaga gidoilari eta zuzendaria, Bai Ling eta Sophie Okonedo aktoreak eta Sophie Maintigneux argazki zuzendaria.
McDormand ibilbide luzeko aktore ezaguna da, Oscar sari bat irabazi zuen Fargo filmean egindako lanarengatik —film horretako irudi bat aukeratu dute American Way of Death AEBetako azken bi hamarkadetako zinema beltzaren zikloa iragartzeko— eta beste hirutan izendatu dute hautagai, Mississippi Burning, Almost Famous eta North Country filmengatik. Coen anaien aktore kutuna da McDormand, 1984an Blood Simple eta 1987an Raising Arizona pelikuletan parte hartu zuenetik.