Francisco Escudero saria emanez amaituko dute Zarauzko Akordeoi Astea

Modelo zinemako ekitaldian, aurtengo irabazlea saritzeaz gain, Ramon Lazkanoren lan bat interpretatuko dute

Donostia
2012ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Oraino elkarrekin zerikusirik ez zuten bi ekitaldi estreinakoz batu dituzte Zarautzen: Francisco Escudero Nazioarteko Konposizio Sariketa eta Zarauzko Akordeoi Astea. Akordeoiaren inguruko ekintzaz jositako lau egunak gaur amaituko dituzte, 20:00etan Modelo zineman antolatutako sari emate ekitaldiarekin. Han jakinaraziko dute nork irabazi duen aurten, eta, gisa berean, Escudero omenduko dute, aurten baitira jaio zela 100 urte.

Hasteko, Ander Telleria akordeoi jotzaileak maisuaren Uranzu obra joko du; segidan, iazko sariketako irabazle Fabia Santcovskyk akordeoi eta klarineterako idatzitako Desierto y oasis interpretatuko dute Nikola Tanaskovicek eta Lucia Otaegik. Eta hurrena, «gaueko piezarik bereziena» izango da entzungai, Aitor Furundarena Hauspoz elkarteko lehendakariaren irudiko. Izan ere, akordeoi laukote batek Escuderoren ikasle izandako Ramon Lazkano konpositorearen Jalkin 2 joko du, Hauspozen enkarguz. «Munduko federik onenarekin diot, baina musikagile bat omentzen dugun bakoitzean haren piezak jo ohi ditugu. Hori oso ondo dago, baina Lazkanoren obra jotzea hunkigarria iruditzen zait, omenaldi bat egiteko modu hunkigarriagoa», dio Furundarenak. Gaineratu duenez, Escudero ez zen sortzaile bat soilik izan, bizitzeko filosofia baten maisu baino. «Haren lanari jarraipena ematea bezala da halako enkargu bat jotzea».

Lau kontinentetako konpositoreen 20 lan aurkeztu dituzte guztira sariketara. Australia, Txina, Kanada, Errusia, Espainia, Italia, Polonia, Erresuma Batua, Katalunia eta Euskal Herria dira, besteak beste, herrialde horietako batzuk. Furundarenak garrantzi handiagoa eman dio zabalkundeari kopuruari baino, «partehartzaileen zenbatekoa urtetik urtera aldatzen delako».

Konposaketa kurtsoa

Sari emate ekitaldia beste guztien gainetik nabarmentzen bada ere, asteazkenetik gaur bitarte antolatu dituzte gauza gehiago ere. Besteak beste, Jesus Torresek, Furundarenak eta Lazkanok akordeoirako konposaketa ikastaroa eman dute, eta akordeoi ikasleen kontzertuak izan dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.