Franco Battiato (Ripostu, Sizilia, 1945) musikan, zineman eta telebistan sortzaile ibili zen 1965. urtetik hona. Musika klasizista, esperimentala, popa, rocka eta opera jorratu zituen, besteak beste. Siziliako etxean hil da. 76 urte zituen, eta aspaldi zegoen gaixorik.
Italiako musikari eta kantugile ezagunetako bat zen. Nazioartean oihartzun handia lortu zuen, batez ere 1980ko hamarkadan, besteak beste Centro di gravità permanente (1981) abestiarekin.
«Oraindik ez dut aurkitu grabitate puntu iraunkorra, zorionez», esan zion BERRIAri 2008an. «Jarraitzen dut bila, dena den. Izan ere, bilatzea aurkitzea baino garrantzitsuagoa da».
Edonola ere, pop munduan eginiko lanez gain, bestelako musikagintzan ere aritu zen sortzailea. 2008 aldera, XVI. eta XVII. mendeetako musika klasikoaren inguruan aritu zen.
Horrez gain, musikari gazteekin aritu zen kantuan. Zergatik galdetuta, honako hau erantzun zuen: «Indar freskoagoa ematen didatelako. Nahiago izan dut profesional talde bat hartu baino orain sortzen ari diren musikariak hartu. Gaurko gazte batzuen musika interesgarria zait, beste batzuena ez. Arrakastak ez dit ezer esaten. Batek milioika disko sal ditzake, baina nire ikuspegitik haren musikak, agian, ez du ezer balio. Amy Winehouse, esaterako, benetako talentua da. Justin Timberlake, berriz, Michael Jacksonen kopia hutsa da».
Azken diskoa 2010. urtean argitaratu zuen: Inneres Auge (Il tutto e' più della somma delle sue parti).