Zinema. Estreinaldiak

Frankismoa pailazoen begietatik

Alex de la Iglesia bilbotarraren 'Balada triste de trompeta'-k harrera ezin hobea izan zuen Venezian

1937ko Francoren armadaren bonbardaketa batekin hasten da filma. - / BERRIA.
Gontzal Agote.
2010eko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Alex de la Iglesia eta Quentin Tarantino. Aldeak alde, biak ala biak zinema asko ikusitakoak, freak samarrak, eta izan dituzten eragin guztiak bereganatzeko abilezia izugarria dutenak. Biak aurtengo Veneziako zinema jaialdian izan ziren; Tarantino epaimahaiko presidentea zen eta bilbotarrak bere azken lana aurkeztu zuen sail ofizialean.

Tarantinori izugarri gustatu zitzaion filma, baina bihotza erdibituta zeukan; Sofia Coppola lagun-minak ere Somewhere pelikula aurkeztu zuen, eta azkenean harentzat izan zen Urrezko Lehoia. Hala ere, Alex de la Iglesia ez zen esku-hutsik joan: zuzendari onenaren eta gidoi onenaren Zilarrezko Lehoiak eraman zituen.

Balada triste de trompeta bederatzigarren lan luzea du. Ibilbide emankor, gorabeheratsu eta sendoa egin du orain arte zuzendariak. Filma bere obsesio askoren laburpen moduko bat da; bi pailazoren begirada baliatu du frankismoaren gristasuna jasotzeko.

Horrekin batera, zinemari eta zirku munduari omenaldi berezi bat egin nahi izan die, Federico Fellini handiaren itzala bere eginez. Izan ere, urte horietako gertaerak iragazki berezi batetik eman ditu, ariketa nostalgiko eta autobiografikoa egiteraino. Esate baterako, Raphael kantari espainiarraren abesti bat da pelikularen oinarria. Horrez gain, kolaboratzaile bereziak izan ditu zuzendariak: Fofito pailazo ezaguna, Santiago Segura eta Sancho Gracia. Protagonista lanetan, aurretik Alex de la Iglesiarekin lan egin duten bi aktore: Antonio de la Torre eta Carlos Areces. Batak pailazo tristearena eginen du; umeak gorroto ditu eta metraileta bat eskuetan duela agertzen da maiz. Bestea, berriz, umeak maite dituen pailazo tontoa da.

Istorioa 1937an abiatuko da, Francoren armada Madril bonbardatzen ari denean. Pailazo bat frankistekin borrokatzera behartuko dute. Beste narrazio maila batean, istorioa 1973an gertatuko da. Bi pailazo emakume akrobata baten amodioa lortzeko borrokatuko dira. Atzera eta aurrera eginez, Balada triste de trompeta-k urte horietan gertatu zena laburbilduko du.

'BALADA TRISTE DE TROMPETA'

Zuzendaria: Alex de la Iglesia.

Aktoreak: Carlos Areces, Carolina Bang, Antonio de la Torre, Santiago Segura, Sancho Gracia, Manuel Tallafe.

Herrialdea: Espainia.

Urtea: 2010.

Iraupena: 107 minutu.

Estreinaldia: Ostiralean Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.