ZINEMA. ESTREINALDIAK. BESTE FILM BATZUK

'Franklyn' 'Crossing Over' 'Nowhere Boy'

2010eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Zuzendaria: Gerard McMorrow. Aktoreak: Ryan Phillippe, Eva Green, Sam Riley, Bernard Hill, Georgia Mackenzie. Herrialdea: Erresuma Batua. Urtea: 2008. Iraupena: 97 minutu.

Kostatu da, ia hiru urte kostatu ere, baina azkenean ailegatu da film britainiar bitxi hau. McMorrowen lehen lan luzea da, eta soilik hasiberriek egiten ahal duten zerbait lortu du: oso aurrekontu txikiarekin zientzia fikziozko film bat egitea. Iaz Duncan Jonesen Moon-ek oso kritika onak izan zituen, eta horrek lagunduko zion Franklyn honi. Jonathan Preeste da protagonista. Aurpegia maskara baten azpian ezkutatuko du. Inguruko ateo bakarra da, eta bere helburuetako bat da sektek jarraitzaile berririk ez lortzea. Meanwhile City hiria gobernatzen duen izaki misteriotsua gorroto du, eta haren kontrako mendeku plana jarriko du martxan. Horrekin batera, berak babesten zuen neska baten hiltzailearen bila ariko da.

'Crossing Over'

Zuzendaria: Wayne Kramer. Aktoreak: Harrison Ford, Ray Liotta, Ashley Judd, Summer Bishil, Lee Horsley, Cliff Curtis. Herrialdea: AEBak. Urtea: 2009. Iraupena: 113 min.

Garai batean Harrison Ford aktore errespetatua eta kotizatua zen. Egun aktore garestia da, azken urteotan ez du arrakasta sonaturik izan -Indiana Jonesen azken abentura ezik- eta bere izenak garai bateko xarma galdu du. Hortaz, hala moduko akzio pelikuletan aritu da hamarkada osoan, eta ez dirudi horrek berriro lehen mailara aupatuko duenik. Bere ondoan askoz distiraldi laburragoa izan zuen Ray Liotta dago. Filmak immigrazioarekin lotutako arazoak ditu gai nagusi; drama eta salaketa sozialaren uztarketa da. Max Brogan immigrazio agentea da, eta arazo bat du: oso sentibera da eta zaila egiten zaio inor bere herrialdetik kanporatzea. Inguruan denek ez dute jarrera bera eta ehunka lagun kanporatuko dituzte egunero.

'Nowhere Boy'

Zuzendaria: Sam Taylor Wood. Aktoreak: Aaron Johnson, Kristin Scott Thomas, Thomas Sangster, Sam Bell, Anne-Marie Duff. Herrialdea: Erresuma Batua. Urtea: 2009. Iraupena: 98 minutu.

Joy Division taldeko Ian Curtisi buruzko Control filmaren moldekoa da Nowhere Boy hau. Ez da harritzekoa, kontuan hartuta bi pelikulek gidoilari bera izan dutela: Mark Greenhalgh. Honakoa ere musika munduko ikono handi baten inguruko biografia da, baina dokumentala izan gabe. Hain zuzen ere, John Lennonen haurtzaroa eta gaztaroa dira Sam Taylor Woodek landu nahi izan duen gaia. Pelikula The Beatles taldearen sorrerarekin batera amaituko da; hortaz, aukera polita da Lennonen urterik ezezagunenen inguruan zerbait gehiago jakiteko. Kantariaren rola Aaron Johnsonek jokatu du. Nowhere Boy Sam Taylor Wooden lehen film luzea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.