Frantziako Iraultzako doinu berrituak, dantza eginez gozatzeko

Oskorrik garai hartako 14 abesti moldatu ditu 'Dantza kontra dantza' diskoan, Baztango Dantzarien laguntzaz

Oskorriko musikariak, atzoko aurkezpenean, Bilboko Elkar aretoan. Ezkerretik eskuinera: Bixente Martinez, Natxo de Felipe, Gorka Eskauriaza, Xabier Zeberio eta Anton Latxa. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Frantziako Iraultzan galdutako doinu eta dantzen «bertsio modernoak» egin ditu Oskorri taldeak Dantza kontra dantza disko berrian (Elkar), eta dantzarako moduan utzi, Baztango Dantzarien laguntzaz. Natxo de Felipe taldeko kideak adierazi duenez, hiru urtez egon dira doinu horiekin lanean, eta horren emaitza da «Oskorriren proiekturik landuenetakoa den hau».

Guztira, hamalau abesti berri prestatu dituzte, «jendeak erraz dantzatzeko modukoak». Estudioan grabatutako CDaz gain, Baiona, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean dantzariekin grabatutako DVDa ere plazaratu dute. Horretan, proiektuaren nondik norakoak azaltzen dituen erreportajea eta dantzen pausoak ikasteko ikastaroa biltzen dituzte. Bideoak grabatzeko, Oskorri Dantza Taldea sortu zuten, eta dantzariek mezu elektronikoz eman dezakete izena; De Felipek azaldutakoaren arabera, mila dantzarik baino gehiagok osatzen dute dantza taldea, eta horietatik 500 inguruk hartu dute parte bideoen grabaketetan: «Disko atera baino hilabete batzuk arinago izan genituen 500 dantzari, dantzak ondo ikasita, grabazioetara etorri zirenak; horregatik pentsatzen dugu musikarekin batera hau fenomeno bat bihurtuko dela eta jende asko animatuko dela musika horiek entzuten eta dantzatzen». Aipatu bezala, DVD-ak proiekturen inguruko erreportajea ere badakar; lan horretan, taldekideek beren informazio iturriez eta proiektuaren gauzapenaz egiten dute berba.

XVIII. mendeko partiturak

«Oskorriren lanik sakonenetarikoa da, musikalki lanik gehien eskatu digun proiektua da, hain zuzen ere, hasierakoak oso melodia landugabeak zirelako; oso zaila izan zen ñabardurak ateratzea. Hori dela eta, musikalki oso pozik gaude». De Felipek behin eta berriro nabarmendu du lan berri hori dantzan egiteko proposamena bada ere kontuan hartu beharra dagoela «funtsean Oskorriren diskorik sakonenetarikoa dela».

Diskoa prestatzen hiru urte eman badute ere, lan berriak askoz istorio luzeagoa du atzetik; taldeak bildu berri dituen abestiak orain urte asko lagun batek emandako partitura zahar batzuetako doinuen birmoldaketak dira. «Hasiera-hasieran lagun batek eman zizkigun partitura zahar batzuk, eskuz jarritako ohar batzuekin, eta hor gelditu ginen, horien aurrean, ze demontre ziren jakin gabe», azaldu du De Felipek. Urte batzuk geroago konturatuko ziren esku artean zituzten horiek Juan Ignacio Iztueta (1767-1845) dantza maisuaren partiturak zirela. Zaldibian (Gipuzkoa) sortu zen Iztueta, eta bizitza osoa eman zuen dantzari lotuta. «Oso egoera historiko garrantzitsua egokitu zitzaion, entziklopedismoa eta Frantziako Iraultza. Garai hartan sartu ziren dantza moda berriak, eta dantza zaharrak modu erradikal batez galdu ziren».

«Oskorriren erara»

«Dantza kontra dantza diskoarekin aspaldiko dantza galduak erreibindikatu eta haien lekutxoa berreskuratu nahi dugu, bertsio berrien bitartez, modu natural batean», adierazi du De Felipek. Diskoa osatzen duten abestiak moldatzean, «Oskorriren erara» egin dutela argitu du. Doinuak errespetatu dituzte, baina erritmoarekin eta harmoniekin jolasean, «bertsio modernoa» egin dute. Dantzak egitean ere, ez zaie bururatu «galdu ziren modu hartan» berreskuratzea, inolako aldaketarik egin gabe, eta «musika berriarekin bat egingo lukeen moduan» birmoldatu dituzte.

Guztiontzako dantzak direla argitu du Bixente Martinez Oskorri taldeko kideak. «Dantzan oso ondo egin behar dugulako ideia galdu behar da; dantza egitearen edertasuna ondo pasatzean dago». Ondo pasata ere, gero eta dantza eta kanta gutxiago egiten da gaur egun kale eta plazetan, Martinezen aburuz. Argindarrak eragina izan du horretan, izan ere, argindarrak erraztu baitu musika edonora helaraztea. «Musikak, nola edo hala, argindarraren beharra dauka. Iraganean, argindarra askoz ere eskasagoa zenez, herriko musika bandak igandero jotzeak dantzan egiteko eta musikaz disfrutatzeko aukera ematen zion jendeari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.