Datorren urteko lehen sei hilekoan Donostiako Kursaalean izango diren ikuskizunak iragarri dituzte Kursaal Fundazioko arduradunek. Orotara, 34 ikuskizun izango dira, horietatik 22 auditoriumean, eta aretoan, beste hamabiak. Musika klasikoaren programazioari Birmingham Hiriko Orkestra Sinfonikoak emango dio hasiera, urtarrilaren 23an, eta hil bereko 31n Stuttgarteko Irratiko Orkestra Sinfonikoa ariko da. Horiez gain, Lausanneko Ganbera Orkestra, Frantziako Orkestra Nazionala, EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Europa Galante taldearen emanaldiak izango dira Kursaalean urteko lehen sei hilabeteetan.
Herri musikari dagokionez, berriz, Gilberto Gil musikari brasildarra etorriko da Donostiara, azken diskoa aurkeztera. Urtarrilaren 8an Ken Zazpi taldea ikusteko sarrerak bukatuta daude jada, eta hori izango da ekainera bitarteko rock ikuskizun bakarra. Ez euskal ordezkari bakarra, ordea, Oreka TX, Imanol Lartzabalen omenezko kontzertua eta Txomin Artola, Urko, Pantxoa eta Peio eta Niko Etxart bilduko dituen Euskal Herriko Lur Maitea ikuskizuna ere izango baitira. Halaber, kontzertu bana emango dute Jack Dejohnetteren taldeak—Keith Jarreten hirukoteko bateria—, Yemen Bluesek eta NY Malagasy Orquestak.
Bi milioi euroko aurrekontua
Krisi egoera aintzat hartuta, urte «ona» izan da 2010, Kursaaleko arduradunentzat. Orotara, 42.664 lagun izan dira 38 ikuskizunetan, eta batez besteko betetzea %82koa izan da. Bi milioi euroko aurrekontua izan da aurten —kopuru bera izango da datorren urtean—, eta finantza orekarekin amaitu du urtea aretoak.
Frantziako Orkestra eta Gilberto Gil ariko dira 2011n Kursaalean
Guztira, 42.664 lagun izan dira aurtengo 38 ikuskizunetan, eta, batez beste, %82 bete da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu