Frantziara joan dira fikzioen eta telesailen urrezko Fipak

Gerard Mordillaten 'Les cinq parties du monde' lana eta 'Kaboul kitchen' saritu dituzte Miarritzen

Atzo Miarritzen egindako sari banaketaren irudi bat. GAIZKA IROZ.
Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Miarritzeko FIPA ikus-entzunezkoen nazioarteko 25. jaialdia gaur bukatuko da, baina atzo jakinarazi zituzten hainbat alorretako sarituak. Sail ofizialean 77 film lehiatu dira, eta lehiatik kanpo beste 54 lan eskaini dituzte. Ohiko legean, alorrez alor banatu dituzte aitortzak, eta Gerard Mordillat frantziarraren Les cinq parties du monde filmak irabazi du fikzioen alorrerako urrezko Fipa. Film onenaren saria ez ezik, musika onenarena ere irabazi du lan horrek.

Frantziako ekoizpenek eskuratu dute beste aitortzarik. Frederic Berthe, Jean Patrick Benes eta Allan Maudit hirukoaren Kaboul Kitchen aukeratu dute telesailen alorreko irabazle. Urreaz gain, gidoirik onenari emandako garaikurra ere eskuratu dute.

Dokumentalen eta erreportaje handien urrezko Fipak Herbehereetako L'll deserte eta Israelgo B'nei Dodim La'Neshsek lanek irabazi dituzte, hurrenez hurren.

Gaurkotasunari lotutako gaiak jorratu dituzte jaialdian eskainitako ikus-entzunezko gehienek, eta Euskal Herriko azken urteetako gertaerak ardatz dituzten bi lan eskaini dituzte: Ana Murugarrenek EiTBrentzat eginiko El precio de la libertad, telesailen alorrean, eta Eterio Ortegaren Al final del tunel dokumentala sail ofizialetik kanpo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.