Zinema

Frederick Wisemanek jasoko du Zinebiko Ohorezko Mikeldi saria

Zinemagile estatubatuarra dokumentalaren generoan da ezaguna. 50 film baino gehiago zuzendu ditu —tartean, Titicult Follies (1967)—, eta Ohorezko Oscar saria ere eman zioten 2016an.

Frederick Wiseman, irailean, 'Menus Plaisirs-Les Troisgros' filma aurkeztu berritan Venezian. CLADIO ONORATI / EFE
itziar ugarte irizar
2023ko urriaren 10a
12:54
Entzun

Bilboko Zinebi jaialdiak, Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko Zinemaldiak, 65. aldia izango du aurten, eta Frederick Wisemanentzat izango da Ohorezko Mikeldi saria. Dokumentalaren esparrua jorratu du Wisemanek hirurogei urtetik gorako ibilbidean, eta, batik bat, behaketa bidezko dokumentalgintzak ezaugarritu du haren lana. Eremu horretan egindako ekarpena nabarmendu dute, hain justu, Zinebiko antolatzaileek sariaren berri ematean.

Abokatu ikasketak burutu ostean ekin zion zinemagintzari Wisemanek (Boston, Massachusetts, AEB, 1935). The Cool World estreinako filma 1963an aurkeztu zuen, eta ondotik egin zuen Titicut Follies, bere obra osoko lanik ezagunenetako bat. Massachusettsko espetxe psikiatriko bateko bizitza erretratatu zuen hartan, eta hurrengo lanetan ere AEBetako instituzioak eraman izan ditu fokupera. Denera, 50 film baino gehiago zuzendu ditu, eta horietan berriena irailean aurkeztu zuen, Venezian: Menus Plaisirs - Les Troisgros. Bilbon ere emango dute.

Azaroaren 10etik 17ra egingo dute aurten Zinebi jaialdia, eta Wisemanek inaugurazio galan jasoko du saria. «Zinemagile handien aura» duten egileetako bat dela azpimarratu dute antolatzaileek, «gai dena film dokumental bakoitzean Titicut Follies-en erakutsi zuen intuizio berbera erakusteko». Ohorezko Oscar saria ere eman zioten 2016an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.