Frontoitik erakusgelara

Euskal pilota jokoa ardatz duten 150 artelan bildu dituzte Kubo-Kutxa aretoan, 'Jai Alai. Euskal pilotaren edertia' erakusketan

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2010eko urriaren 28a
00:00
Entzun
Artista ugariren arreta eta begirada bereganatu dituzte pilotarien mugimenduek eta frontoien lerro zuzenek azken bi mendeotan. Pilotaren mundua inspirazio iturri hartu, eta margolan, eskultura, argazki eta ikus-entzunezkoetara eraman dute sortzaile askok frontoiko hormen artean ikusitakoa. Euskal pilota jokoa oinarri duten 150 obra inguru bildu, eta Jai Alai. Euskal pilotaren edertia erakusketan jarri dituzte, Donostiako Kubo-Kutxa aretoan. Berrogeita hamar bat artistaren sormen lanen bidez, pilotaren historian barrena ibilbidea egiteko aukera izango du bilduma ikustera bertaratzen denak, gaurtik heldu den urteko urtarrilaren 9ra bitarte.

Besteak beste, Aurelio Arteta, Fernando Beorlegi, Gustavo de Maeztu, Andres Nagel, Jorge Oteiza, Jesus Mari Lazkano eta Mari Puri Herreroren lanak bildu dituzte, haietariko batzuk inoiz erakutsi gabeak. Horien artean dago Francisco de Goyaren zirriborro batean oinarritutako tapiz handi bat, pilotariak jokoan ageri dituena. XVIII. mendekoa da tapiza, eta Madrilgo Escorial jauregitik erakusketa baterako atera duten lehen aldia da.

Zurriola pasealekuan jarritako burdin txapa beltzezko pilotariek erakutsiko diote aretorako sarrera bisitariari. Anton Mendizabalen eskulturen artetik erakusgelara sartuta, ibilbide kronologiko baten moduan dago antolatuta bilduma. Lehen aretoan, egungo pilotarien aurrekoak azaltzen dituzten piezak bildu dituzte. Jose Mari Unsain komisarioak azaldu duenez, pilota jokoa unibertsala ere badela erakusten dute aretoan bildutako objektuek. Erdialdeko Amerikako antzinako hainbat kulturak pilota jokoarekin zuten harremana erakusten dute, esaterako, Amerikako Museotik ekarritako zenbait piezak. Europako hainbat herrialdetan jokatu izan ziren pilota joko mota ezberdinak erakusten dituzte, berriz, zenbait grabatuk.

Halaber, pilotak Euskal Herrian zein atzerrian izandako bilakaera agerian uzten dute areto berean paratutako jokorako tresnek, aldizkariek, argazkiek eta bestelako dokumentuek. Txileko XIX. mende bukaerako pilotarien kromo bilduma bat bada tartean, esaterako. Pilota joko mota ezberdinak azaltzeko, berriz, Xabier Zabaletak eginiko Jai Alai dokumentalaren zati batzuk proiektatuko dituzte, besteak beste.

Margolanak nagusi

Areto nagusian artista adina estilo erakusten duen margolan sorta bat dago ikusgai. Gustave Colin, Helene Dufau, Gustavo de Maeztu, Jesus Olasagasti, Pablo Tillac, Ramiro Arrue eta Aurelio Artetaren margolanak bildu dituzte, baita belaunaldi berriagoetako kideek landutakoak ere, Andres Nagel, Andres Nagel, Tomas Hernandez, Fernando Beorlegi, Mari Puri Herrero eta Jesus Mari Lazkanorenak tartean. Ipar Euskal Herriko pilotalekuetako eszenak ageri dituzte hainbaten lanek, eta pilotaria nahiz frontoia modu abstraktuagoan irudikatu dituzte beste zenbaitek.

Argazkilaritza lanei txoko berezia eskaini diete areto horretan bertan. XX. mende hasierako argazki ugari daude bertan; esaterako, Pedro Iarza Villabonako Besamotza, Madrilgo Beti-Jai pilotalekua eta emakumezko erraketista talde bat ageri dituztenak.

Eskulturei dagokienez, berriz, Jose Ramon Anda, Jose Alberdi eta Anton Mendizabalen piezak paratu dituzte aretoan zehar, baita Jorge Oteizaren hiru artelan ere; tartean, Homenaje a Velázquez ezaguna eta igeltsuz eginiko pilotari baten eskua. Goiko solairuan, halaber, Azkoitiko Jorge Oteiza frontoien maketa jarri dute. Solairu horretan bildu dituzte lanik garaikideenak; besteak beste, Fernando Pagolak paperez eta zurez eginiko pilotalekua.

Artearen eta pilotaren harremanari buruz inoiz eginiko erakusketa zabalena da, eta Kubo-Kutxak hamargarren urteurrena ospatzeko antolatutako lauretatik azkena. Osagarri, hainbat mahai-inguru, hezkuntza jarduera eta antzerki zein musika emanaldi izango dira erakusketa zabalik den egunetan; tartean, Chamber Choir of Asia abesbatzak igandean egingo duen kontzertua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.