Funtzioa

Lorea Agirre.
2010eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Euskal hiztunek bizi duten ziurgabetasuna eta deserosotasuna aipatu zituen herenegun Fermin Etxegoien idazleak Euskadi sariaren garaikurra jaso orduko. Prentsak hala ekarri du. «Euskaraz hitz egiten dutenei» eskaini ziela saria. Segurtasun falta linguistiko eta kultural betean bizi direla. Hala esan zuen, espainolez. Behar zuenak entzun eta uler zezan, pentsatzekoa denez. Gauza bera euskaraz esanda ez baita gauza bera.

Ondotik, euskaraz galdetu zuen sari emaile den Jaurlaritza ea zerbait egiten ari den ziurgabetasun hori arintzeko. Autokarabana eleberriaren egilearen erantzuna: egiten ari bada, gu ez gara enteratu.

Jaurlaritzari egindako kritika bakarra izan zen Etxegoienena Euskadi literatur sarien banaketa funtzioan. Kritika zuzen samarra, behintzat. Etxegoienek badu pentsatzen dituenak kokatzeko gaitasuna. Euskaraz eta erdaraz esan beharrekoak bereiztekoa, fikzioan idatzi eta plaza publiko ofizialean botatzen dituenak desberdintzekoa. Kritika, autokritika, parodia, autoparodia, umorea, kontraumorea. Eta ironia. Eta zintzotasuna. Hori da haren nobela. Hori da Etxegoienen jarrera. Estimatzekoa.

Patxi Lopez Napoleonen jaka jantzita, «Etxegoienen zita bat behar dut» esanez bere protokolo buruari. «Autokarabana liburua ekarriko dizut», erantzuten dio horrek. «Ez, liburua ez, zita bat eskatu dizut!». Zaldieroa marrazkilariak irudikatutako eszena. Susmatzeko modukoa zen Lopezek bere zita errepertorioa gizentzeko tentazioa izan zezakeela, eta ez dakit Etxegoienen hitzaldiak helburu hori zuen, baina arrisku horretatik ere libratuko ahal gintuen (libratuko ahal zuen bere burua ere).

Joxe Azurmendik saiakera ataleko saria eskuratu du, eta euskarazko saiakerak, gogoetak leku propioa behar duela, zailtasunak dituela idatzita utzi zuen anaiak irakurri zuen testuan. Biak izango dira zail, bi funtzioak betetzea: gogoetatzea eta euskaraz egitea. Bigarrena zailagoa eta deserosoagoa, nago.

Enkarterriko gaztelera ere agertu zen sari banaketan, espainolezko eleberriaren saria irabazi duen Jose Fernandez de La Sotaren ahotik. «Enkarterriko gazteleraren» defentsa sutsua egin baitzuen, kazetariek diotenez. Barojak ere euskal gazteleraz idazten zuela irakurri izan dugu. Eskapatzen zait zer dagoen horren azpian, ez bada, halako euskal lur bat emateko gogoa gaztelerari, idazlea baskoago egiteko desioa. Igual hori ere ez.

Ekitaldian bertan, Patxi Lopezek samina adierazi zuen haur literaturako saria huts geratu zelako, kategoria horretako saritu Patxi Zubizarreta ondoan zuela. Igual, diskurtsoa idatzi zionaren ikuspuntu elebakarraren deskuidoa izan zen. Igual ez. Igual, gazteleraz ari zelako ulertu behar genuen gaztelerazko literatur sariez soilik ari zela. Agian. Agian, gazteleraren nagusitasunaren seme eta eragile izateagatik (pasiboki eta aktiboki, kontzienteki edo inkontzienteki) ez zion esaldiak belarriko minik eman, ez eta Zubizarreta aurrean izanda ere.Euskaldunok hizkuntzarekin dugun obsesioa ez da gurea bakarrik. Posizioa da diferentzia bakarra: nork ez luke nahiago elebakarren bere burua aski duenaren aire hori, hizkuntzaz kezkatu beharrik gabeko soltura hori? Hori segurtasun eta erosotasun linguistiko eta kulturalak ematen du. Hori ezean...

Hizkuntzak ardatzetako bat izan ziren Euskadi sarien banaketa ekitaldian. Hizkuntzek, komunikatzeko tresna huts baino ez izateko, nahikoa desordena sortzen dute: euskara subordinazioan, espainola supraordinazioan. Eta Enkarterriko gaztelera?

Sari banaketa ekitaldia har liteke herri honen egoera linguistiko eta kulturalaren adierazgarri gisa. Anekdotetatik eta lapsusetatik haratago (hala izan baziren), hizkuntzen egoeraren eta elkarren arteko harremanen argazki bat eman lezake. Hizkuntza baten eta bestearenfuntzioena. Eta funtzioaz ari garela, jakin-min bat ezjakintasun inozoenetik: ze funtzio du Junkeraren musikagintzan, are euskal kulturan, misterio aire batekin ahoskatzen den euskara horrek?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.