Haizea Barcenilla
Begiz

Gabonetako espektakulua

2023ko abenduaren 19a
05:15
Entzun

Piztu dira argiak, eta dendak gainezka daude. Tabernak eta jatetxeak ere borborka, lagun taldez eta enpresa bazkariz gainezka. Zaila suertatzen da tarteka kalean ibiltzea jendeak daramatzan poltsa mordoekin topo egin edo kuadrilla baten algaren artean ezin aurrera edo atzera gelditu gabe. Gabonak datoz. Lagunekin eta familiarekin ospatzeko garaia, ondo eta batez ere asko jatekoa, baina baita urteko gasturik handieneko garaia ere, paper eta plastiko mendiak pilatzekoa.

Algara eta zarata horren azpian, Azkuna zentroko sotoan, bere neurria gainditu duen etorkizuneko mundu baten argazkia prestatu digu Bene Bergadok. Urritu deitzen da berak atondutako erakusketa, eta izena bera Gabonekin bateraezina dirudi; horregatik da oraingoa garai ezin hobea bertatik pasatzeko. Ez dut erakusketa gehiegi deskribatu nahi spoilerrik ez egitearren, baina bertara biltzen denak, jendetzatik ihes egin eta lasaitasun apur bat lortzeaz gain, naturaren baliabideak mugaraino eraman dituen eta horren ondorioa ordaindu duen mundu baten estanpa aurkituko du.

Gogoangarria da erakusketa, eta gogoetarako ere balio beharko luke. Apokalipsi baten ondorioa izanik, apur bat izutzen du, baina hondakinen artean bada bizi-esperantzarik ere: birsortzearen sinbolo alkimiko diren arrautzak zein krisalida artifizialetan garatzen ari diren larbak. Ez dakigu, ordea, gizakiak diren bertatik sortuko direnak; eta, agian, hobe ez badira, aurrekoek egindakoaren emaitza ikusita.

Apokalipsiaren ondoko aretoan armairu handi bat dago ikusgai, eta, bertan, Bergadok azken 30 urteetan egindako lanak. Ez dakigu sarraskiari aurre egiteko munizioa den edo aurreko mundutik biziraun duen arrastoa. Bergadok bere ibilbidea laburbiltzeko erabili duen sistema bikaina da, estudioko biltegia aretora ekarri izan balu bezala: mini-atzera-begirako-erakusketa erakusketaren barnean.

Bi gauza erakusten dizkigu biltegi-erakusketa honek: gizakiak mundua mugetara eramatearen ondorioen inguruko kezka aspaldikoa duela Bergadok, eta bere narrazio propioa sortzen oso ona dela artista. Izan ere, bikain hautatua dago zer doan eta zer ez doan biltegian: koherentzia perfektua da, hutsunerik gabeko errelatoa. Asmatu du argazkirik ederrena hautatzen: hori da artista arrakastatsuek atzera begirakoetan egiten dutena. Esanguratsua da, gainera, Azkuna zentroan azken urteetan erakutsi dituen belaunaldi bereko hiru emakume artistek aukera baliatu dutela ariketa bera egiteko: Mabi Revueltak, Ana Laura Alaezek eta, orain, Bergadok. Eta hiruren argazkiak izan dira ederrak.

Pasa zaitezte, beraz, zuen Bimba y Lola eta Athleticeko Denda Ofizialeko© poltsekin Azkuna zentrotik. Gabonetako espektakulurik onena bertan dago: apokalipsiaren aierua,gu guztion zain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.