1974ko uda Eako Kurtxia auzoan igaro zuen Gabriel Aresti idazleak; lotura estua izan zuen Ea herriarekin, bertan zela idatzi zituen 'Eako koplak' eta 'Enaden begiak' poemek argi eta garbi erakusten dutenez.
1970. urtean, gidabaimena ateratzen saiatu zen Gabriel Aresti. Autoeskolako irakaslea ondoan zuela, Bilbon barrena ibiltzen zen hara eta hona, harik eta herri arteko errepide estu eta bihurrietan ibiltzen ikasi behar izan zuen arte. Bilbotik irten, eta Eara eraman zuen irakasleak, Arestiri erabat ezezaguna zitzaion «kostaldeko herri txiki eta euskaldunera», urte batzuen ondoren idazleak berak deskribatuko zuenez. Orduan ezagutu zuen Arestik Ea, 1970. urtean.
Handik lau urtera, 1974an, gibeletik gaixotu zen, eta bizimodu lasaiagoa behar zuelakoan, medikuak Bilbotik alde egiteko gomendatu zion. «Orduan bururatu zitzaion Eara joatea», Arestiren alargun Meli Estebanek dioenez. Gutxitan irteten zen Bilbotik; oso Bilbozalea zen. 1974ko udan erosi zuen Eako Kutxia auzoan etxea. «Earrekin harreman handia izan zuen Arestik», haren biografo Angel Zelaietaren esanetan. «Miren Tere Benedito emakume abertzalearekin hitz-aspertu luzeak egin ondoren, herri euskararen egoera sinkronikoaz jabetu zen. Euskara literarioaren eta herri euskararen arteko bitarte handiak mira eginda utzi zuen».Karmelo Landa EHUko Literatura irakasle earraren aburuz, «Arestirentzat Ea bere Arkadia zen». «Ea herri txikia da, kostaldean dago, itsasoa du aldamenean, mendi berdez inguraturik dago...». Gabriel Arestik Ean idatziriko lanak aztertu ditu Landak. Izan ere, Arestik eskuz idatziriko horietariko bat Bilboko etxe batean aurkitu zuen orain gutxi: Eako Goikaldean dataturiko Josepa Mendizabal Zaldibian olerkia, hain zuzen. Idazle bilbotarrak inongo liburutan ez zuen jaso poema hori, eta, egun, www.basquepoetry.net atarian irakur daiteke, Gabriel Arestiri eskainiriko atalean, eta Susak 1986an atera zuen Arestiren obren edizio berezian. Euskal gizarteak bete-betean nozitzen duen arazoaz mintzo da Aresti Josepa Mendizabal Zaldibian lanean; bortizkeriaz, alegia. Bortizkeria erditze mintzat jotzen du Arestik, eta Euskal Herria erditzen ari den herria dela dio, batik bat, ETAko kideen amei eskainiriko poeman:
Etarren ama urrikariekbakea dute merezibihotz-ikara izugarriandardaraz baitira bizi.Etarren amekasko sufritzen dute.Andre hauen bihotzeankabitzen da munduko min guztiaAitak Lemoako frenteanhil zizkieten.Nebakgartzelatik deserriraibili zaizkiebarreiau. Eta orain semeakkaminoetanerortzen zaizkiezerraldo...Etarren ameka sko sufritzen dute,
semeak hiltzen dizkieteneaneta batez eresemeek hiltzen dutenean...
Arrosa gorri-zuriidien apatsek zapalduabezalakoak dira:Andre urrikari hauezurriki zaitezte...Zeren Euskal Herria
Axularren sagarroia bezalakoa da.
Bere egitez ere nekez erditzen dabaina bere faltaznekezago,penazago...Eta ETA(lehen zen EDO)sagarroiak bere buruaerditzeraapoderatzen duen harria da.Asko izan da karloezeta arantzeez...Hainbeste otoitz...hainbeste ezpata-datza,euskal-meza...zortziko nagusi,alboka,txistu...
Hainbeste hostia, alu eta potro...Herri honierditzeko tenoreatokatu zaio...Mutilen barrabil ostikatuaketaneskon diti zigarroz erreakdilatazio minak dirabaina
andreon sufrimendu moralarekin
expulsio minadator.Herri kobarde (hain talent) haubere libertateezerditzen daSanta Gurutze honetan...
Eguzkiaren ateko tortura lekutik!Josepa Mendizabal Zaldibianasko penatzen da...
1974ko San Joan egunean 'Eako koplak' idatzi zituen
Eara iritsi eta bertan idatziriko aurreneko poema, ordea, ez zen Josepa Mendizabal Zaldibian izan, Eako koplak baizik. 1974ko San Joan egunean idatzi zituen. Jende euskaldunaren artean, euskarak ahoaren erdian musukatzen duenean, bakean bizi dela dio kopla haietan. Landaren irudiko, alabaina, Arestik ez zuen bere burua engainatzen, eta hain gustura sentiarazten zuen herrian ere bidegabekeriak gertatzen zirela bazekien. «Eako kopletan herriko jendeak tontotzat zuen Joan izeneko pertsonaiari buruz hitz egiten du; jendeak hari burla egiteak pena ematen diola esaten du hirugarren koplan».
1974ko udan, lerro zeharo hunkigarriak idatzi zizkion Bernardo Atxagari, orduan bere kutun zuen idazle gazteari. Ean zegoen, eta heriotzaren atzaparrak gertu sumatzen zituen. «Adiskide Irazu» esanez hasten du gutuna, eta, bere gaixotasunaren gainean medikuek esandakoa kontatu ondotik, idazleak idazleari hitz egiten dio. Orduko kontuez mintzo zaio, sasoi hartako gertaerei eta kezkei buruz. Eta handik urte batzuetara zer etorriko zen jakingo balu bezala, Atxagari «literato ona» izango dela esaten dio, baina bitartean ezer argitaratzeko laguntza behar izanez gero, berari eskatzeko: «...Martin Ugalderen Historia Vasca aste honetan publikatu da. Jon Mirande ene lagun maitea gabon gauean suizidatu zen. Eta hala ere, Zeruko Argia-n zeruko gloria deseatu diote. Hilotza errege egunean aurkitu zuten. Baina nik oraingoz ez dut hil behar. Datorren 10ean Andoainen egonen naiz. Ricardori lore batzuk utzi nahi dizkiot bere bosgarren urtean. Literato on bat izango zarela uste dut. Publikatzeko laguntza behar baduzu, eska iezadazu. Eta ez dakit zer gehiago. Bai, arrazoia duzula, mundua tristea dela. Besarkada bat».
1974ko urriaren 13an Enaden begiak idatzi zuen, garai hartako Iberduerok (egun Iberdrola dena) Ogeian altxatzeko asmoa zuen zentral nuklearraren kontrako poema. «Arestik jakin bazekien zentral nuklearrak arriskuan jartzen zuela, Ea ez ezik, Euskal Herri osoa ere bai. Kontzientzia ekologista zuen, bere Arkadia mehatxaturik ikusi zuen, eta horren inguruan jarrera militante eta borrokalaria hartu zuen», dio Landak. Iberdueroko akzioak saltzeko eskatzen die Arestik euskal herritarrei, idazlearen begietara diru hori «madarikatua» da eta. Honela dio Arestik Enaden begiak poeman:
Ea eta Elantxobeazken 37 urte honetanasko zikindu dutekaporal berde bateketa muxurdin urdin batzuekbaina ez dute mantxatu.
Euskaldunen itsasoaren aurrean
hura bezain garbibezain xahu, bezain aratzBusturi-alde hauenada daeta Ea eta Elantxobeharen begiak dira. OrainAmerikako zikinkeria guztiadepositatu nahi duteOgellako plaianApikale-ostean...Munduko zentral nuklearrik
[handiena.
Euskaldunak:
Iberdueroko akzioak sal itzazue!
Iberdueroko akzioak sal itzazue!
Iberdueroko akzioak sal itzazue!Erra itzazue!Diru hori madarikatua da!Diru hori madarikatua da!Diru hori madarikatua da!ZerenOgellan zentral nuklear bat
[konstruitzea
enadei begiak ateratzea
[bezalakoa bailitzateke!!!
Txomin Peilleni gutuna
1974ko negua Ea eta Bilbo artean eman zuen Arestik. Ean denboraldi luzeak egiten zituen, eta tarteka-marteka medikuarenera joaten zen Bilbora. Urte hartako Gabonetan, Txomin Peillen idazle zuberotarrari idatzi zion. Uda Ean igarotzeko gonbita egin zion gutun horren bidez Arestik Peilleni. Tamalez, baina, Arestik ezin izan zion bere hitzari eutsi: 1975eko ekainaren 5ean hil zen. Honela ari zaio Aresti Peilleni Bilbon 1974ko abenduaren 12an dataturiko gutunean:
«Ene adiskide maitea: Ea uda honetan agertzen zareten [Txomin Peillen eta haren emaztea], baina ez zaiteztela Bilbotik ager, hemendik ahalik eta maizen ihes egiten baitut. Udan Lekeitio ondoko Ean egoten naiz. Herri oso polita da, baketsua ezein baldin bada munduan, plaia tipi baina eder batekin, basoak eta mendiak edonundik, jendea zeharo euskalduna eta guztiz atsegina. Ordurako operazioa eginen didate, eta gurekin zenbait egun iragatera komitaturik zaudete». Jon Mirande idazleari buruz mintzo zaio Aresti Peilleni, eta haren harira Andolin Eguzkitza eta Xabier Lete aipatzen ditu. Miranderen olerkiak argitaratu nahian dabil Aresti, eta zeregin horretan emandako urratsak kontatzen dizkio Peilleni: «Mirandek bere poesia guztiak bidali zizkidan Haur besoetakoa-rekin argitaratzeko, baina orduan, zoritxarrez zentsura ofizialak baimena ukatu zidan. Gero eskurik esku ibili zen Lurrekoen [Lur argitaletxea] artean, eta galdutzat emanak nituen; zorionez egun batean agertu ziren. 27 uste dut direla, eta orain Andolin Eguzkitzaren eskuetan utzi ditut, garbi ezar ditzan; gainera, bere karreraren tesina bat egiten diharduka Mirandez. »Lehengo egunean Xabier Leterekin egon nintzen. Bion arteko hartu-emanak ez dira nik nahi bezain atseginak, eta itzotza nolabait urtzeagatik eta Miranderen obren selekzio bat gertatzen dituzuela nekien bezala, Jonen poesia guztiak eskaindu nizkion, liburuan sar zitzan. Badakizu Gero [argitaletxea] jesuitena dela, eta ez dut uste Miranderen poesia guztiak argitaratzeko prest egongo direnik. Akordatuko zara Josua bar Josef poesiaz. Hori ez dute argitaratuko, ene eritzian. Horregatik, deliberamendua daukat, guztiak argitaratzen ez badituzte, ez dutela batere argitaratuko, neure eskutik bederen. Orduan, nik argitaratuko ditut udazkenean argitaratu nahi dudan liburu batean: Euskal Poesiaren Erakusketa. Zaude lasai, beraz, asunto honetaz, eta nahi baduzu, berriak izanen direnean, jakitun edukiko zaitut. Dena dela, liburu horretan sartzeko Miranderen bizitzazko zehaztasunak eduki beharko ditut, eta hoiek eman dietzadan zu baino pertsona egokiagorik ez dezagut».
Egitaraua
12:00: Ekitaldi ofiziala udaletxean. Asier Madarieta Eako alkatearen hitzak eta Angel Zelaieta, Jon Kortazar, Karmelo Landa eta Txomin Peillenen hitzaldiak.Horren ondoren, Gabriel Aresti Eako seme kutun izendatuko du Udalak.
Udalbatzarra amaitutakoan, ekitaldia portuan. Haritza landatuko dute, eta harria jarri, Arestiren oroigarri.
17:00: Gabriel Arestiren obrari buruzko solasaldia, Bihotz Bakartien Klubaren eskutik, Zakilixut elkartean.
20:30: Kalejira Arestiren etxetik porturaino.
21:30: Arestiren lanekin eginiko literatur, kantu eta antzerki ikuskizuna, besteak beste Mikel Martinez, Galder Perez, Natxo de Felipe eta Miren Agur Meaberen eskutik.
23:00: Agur t'erdi, Gabriel Aresti izenburu duen mezua itsasora jaurtiko du, botila batean bilduta, Gabriel Arestiren alargun Meli Estebanek.
Kultura
Gabriel Aresti Eako seme kutun izendatu dute
1974ko uda Eako Kurtxia auzoan igaro zuen Gabriel Aresti idazleak; lotura estua izan zuen Ea herriarekin, bertan zela idatzi zituen 'Eako koplak' eta 'Enaden begiak' poemek argi eta garbi erakusten dutenez. Gaur, herriko seme kutun izendatu dute, eta ekitaldi ugari egingo dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu