«Gabriel Aresti ez zen, besterik gabe, Bilbon bizi; bizi egin izan zuen Bilbao Arestik, pozez eta minez, bete-betean». Horregatik, Gabriel Aresti hobeto ezagutzeko bide eginez, Arestiren Bilbon ibilaldi bat antolatu du gaur arratsalderako BBK Bihotz Bakartien Klubak. «Esan eta idatziok bere lekuan ipini egingo ditugu, Bilbon lekutu, haien oihartzuna gugana hel dadin».
Bihotz Bakartien Klubak antolaturiko Literatura Eskolako irtenaldia izango da arratsaldekoa. Goizean Arestiren lanei buruz jardungo da Koldo Izagirre idazlea. Arestiren obra ezagutu ondoren poemetan aipatzen dituen lekuak bisititatuko dituzte. Hitzordua Kalderapekon (Txakur kalean) egin dute, 17:00etan. BBK-k leku egin dio sarean, www.armiarma.com/bbk/eskola/aresti webgunean; Karmelo Landaren parte-hartzearekin osaturiko ibilbideaz gain, hainbat poema edota hitzaldi irakur daitezke. Gaurko ibilaldian hainbat leku bisitatuko dituzte.
-barroeta aldamar, 2: 1933ko urriaren 14an han jaio zen Gabriel Aresti, seigarren solairuan. Ibai ondoko etxe horretatik portuko Aduana zaharraren egoitza zuen aurrealdean. Eta ibaiaren bestea aldean Bilboko udaletxea; Gabino Aresti (Gabrielen aita) zinegotzi monarkikoa izan zen han. Asun Segurola amak ekarri zuen mundura. «Nik hiru urte kunplitu nituenean, Espainian gerra zen. Ni orduan erdalduna ninzen. Ez beste arrazoirengatik, ezpada nire gurasoek, naiz eta euskal apelliduak izan, euskeraz ez zekitelako, erdal herri batean jaio nintzelako, Bilbaon, Bizkaiko hiriburu berrian», utzi zuen idatzirik haurtzaroaz eta bere Bilbao-z.
-sabino aranaren eskultura. albiako lorategiak: Abando erdian, Albiako plazan zeuden Berastegiko eskolak (orain Justizia Jauregia dago berton). Lehen ikasketak han egin zituen idazleak. Sabino Arana eta Txabi Etxebarrieta Albian jaio ziren. Ondorengoa idatzi zuen Arestik Albiaz: «Euskal-Herriko Zesar handia, aita-lehen eta guraso lehena, gure Albia zaharrean jaiotakoa, (ai, Albia, Albia, dohakabe guztion kabia, bertan jaio ginen Sabino eta Txabi, eta ni ere, guztirik dohakabeena), orain, Sabino, askok Abandoko arranoa deitzen haute, zuek biok, Sabino eta Txabi, zuek arranoak, ni usakumea...».
-mazarredo zumarkalea: Bilboren geografia bere egin zuen,Bilbaoko kaleak poema da seinale:«...Autonomia,/Adiskidetasuna,/ Bakea,/ Libertatea, /foruak,/ maitatu ditudan gauzak/ Urkijo ministroa/ Gardoki Kardinalea/ Mazarredo Almirantea/ Egia jenerala/ Arrikibar ekonomista/ higuindu ditudan gizonak, / kaleak/ kale mocak/ kaleak hemendik, hortik/ handik,/ edonundik,/ Gor beiara joateko gutizia sorcen zait barrenean,/ bertan organizaceko/ euskeraren salbazioa, / baina hemen geracen naiz,/ kale arte honetan,/ milagro baten zai,/ egunero bizarra kenceari ucteko/ naikoa kurajeerik / ez baitdut».
-arte ederretako museoa: Geografiak ideiak markatzen zituen, ideiek geografia markatzen zuten neurrian: «Zergatik burjesa egonen da/ museo honetan izenez, laudorioz/ (Halako konteak eman zuen pintura hau), pilotuaren eta marineruaren izenak/ hilobi baten gainean eztaudenean?», salatu zuen behiala Arestik.
-haritza bilbo erdian: 41 urteko gizon gaztea zela hil zen poeta. Haren heriotzean ez zuen kalerik nahi, eta hamargarren urteurrenean haritza eta harria ezarri zituen lagun talde batek. Gorbeiatik ekarri zuten harria, eta bere definizio bat idatzi harrian. Hariztia poemako zatia da ondorengoa: «Orain hemen nago, eremu latz honetan./ Nire gurariak galdurik, lur hauetan/ arbola adar-gabeen parea naiz orain./ Landare zekenak baitaduzka eremuak,/ nire arima dago mirari baten zain.»
-euskalduna: Portuari begira bizi izan zen Gabriel Aresti. Portu ondoan jaio, eta portu ondoan aurkitu zuen lehen lanbidea, Zorrotzako Compañia Vasco-Africanan. Zorrotzako portuan aldarrika poema idatzi zuen. Portuak eta kaiak, eta Nerbioi ibaia, eta Nerbiotik barrualdea, Arestiren barrualdea, sarritan agertu zituen poemetan: «Horrelakoa da gure lur maitea/ Nerbion hibaiaren ondoan, / udaren eta neguaren arteko egun nabarretan, gau iluna hurbiltzen zaigunean,/ ilunabarra erori baino lehen./ Nik ez dakit, bada, zer dudan, ez, maiteago,/ gure lurra/ edo / nire alabak»,
-euskaltzaindia, plaza berrian: Erribera kaleko 6an zegoen Arestiren garaian Euskaltzaindiaren egoitza. 1957ko irailaren 26an, 23 urte zituela, onartu zuten Akademiako kide Aresti. Hamaika poematan idatzi zuen euskarari buruz, baita bere euskarari buruz ere.
-areatza: Ibilbidea Areatzan amaituko da. Bilboren barrualdean, Arestiren barrualdean. «Herri hau apurtuko nuke, hea horrela itoginaren azpitik salbacen dudan, irudicen baicait askotan beira fin bat dela, kristal mehe bat, bibolin baten bibrazioak apurtuko lukeena. Askotan ez dakit zer den nire poesia: mailu bat ala biola bat.»
LITERATURA. OLERKIA
Gabriel Arestiren Bilbon zehar
Poetaren lanean esanguratsuak izandako tokien inguruan ibilbide bat antolatu du, gaurko, Bihotz Bakartien Klubak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu