Marian Galarraga Tinkoko presidenteak salatu du euskarazko bikoizketan ez dagoela lanik. "Egoera ez da hobetu, izatekotan okerrera egin du azkeneko urtean". Mikel Mendizabal bikoizleak, bestalde, adierazi du euskararen normalizazioarekin lotura handia duela bikoizketak: "Nazioarteko literaturako liburu ugari itzultzen dira euskarara, eta euskaraz kontsumitzen dira. Zineman gauza bera izan beharko genuke". Galagarragak gogorarazi du ETBk erabaki duela filmak euskarazko azpidatziekin ematea ETB1en: "Baina zer gertatzen da gaztelaniaz emititzen diren filmekin?".
Saio berean Miren Manias EHUko ikerlariak hitz egin du. Doktoretza egiten ari da euskal zinemaren finantzazioaz. 2005 eta 2012 arteko euskarazko filmak ikertu ditu. "Aupa Etxebeste izan da ikusle gehien izan dituena zinema aretoetan. Hortik aurrera datuak oso apalak izan dira". 'Loreak' filma "zoragarria" iruditu zaio Maniasi. "Baina etxe barruan aurreiritzi ugari ditugu euskarazko filmak ikusterako orduan".
Kritikarien solasaldian ere 'Loreak' goraipatu dute Amaia Garciak ('Urumeako Kronika') eta Mikel Kintanak (Iparraldeko Euskal Irratiak).