Ikusmina zegoen Donostiako 66. Zinemaldian Carlos Vermutek (Madril, 1980) aurkeztu behar zuen filmarekin. Izan ere, orain dela lau urte, 2014an, zinemaldiko garaile nagusia izan zen Magical Girl-ekin. Urrezko Maskorra ez ezik, zuzendaririk onenarentzako Zilarrezko Maskorra ere irabazi zuen bere bigarren filmarekin.
Aurten, Quien te cantará melodrama ekarri du Donostiara, eta, atzo prentsarentzat eta gaur goizean Kursaalean izandako emanaldietan jasotako harrerari erreparatuz gero, sariak eskuratzeko hautagai indartsu bilakatu da.
Melodramaren moldeetara makurtu da oraingoan Vermut, bi emakumeren arteko harremanean sakontzeko. Lila Cassen abeslariak (Najwa Nimri) hamar urte egin ditu agertokietatik kanpo, eta, haietara itzultzear dagoenean, memoria galduko du. Violetak (Eva Llorach), berriz — Cassenen kantuak karaoke batean abesten dituen kantariak—, eskaintza bat jasoko du: Lilari irakastea berriro Lila izaten. Abesten eta bere keinuak berreskuratzen. Hortik aurrera, bien arteko harremanean sakonduko du filmak. Pertsona bat beste bat nola bihurtzen den erakutsiko du.