Xose Luis Mendez Ferrin idazle eta politikariak Galizieraren Errege Akademiako presidentetza utzi du, dimisioa emanda. Akademiako kide numerario izateari ere muzin egin dio. Gaur eguerdian jakinarazi du erabakia, akademia horretako kideei bidali dien eskutitz baten bitartez.
Abc Espainiako egunkariak Mendez Ferrini buruzko hainbat berri argitaratu ditu azken asteotan, non nepotismoa egozten zaion. Besteren artean, bere alaba eta suhia Akademiarentzat lana egiteko kontratatu izana leporatu diote. Horren ondorioz, Galizieraren Errege Akademiaren azken osoko batzarrean hainbat akademikoren arteko liskarrak izan ziren. Presidenteak horrela azaldu du erabakia bere idatzian: "Hainbat akademikok eta elkarteaz kanpoko beste pertsona batzuek Akademian lekurik ez dudala sentiarazi didate". Horrek non egon behar duen eta non ez ikusarazi diola ere jakinarazi du.
Dena dela, "akademikoen gehiengoari" bere esker ona helarazi nahi izan die, bereziki Xose Luis Axeto idazkariari. Galizia askeari eta Academiari goraka bukatu du idatzia: "Viva Galicia ceibe! Viva e floreza a Academia Galega!".
Mendez Ferrin 2000 urtean bihurtu zen Akademiako kide, eta 2010ean izendatu zuten horren presidente. Poesia eta narraziozko hainbat lan argitaratu ditu, eta Galiziako idazle ezagunenetarikoa da. Politikagintzan ere jardun izan du. 1977an Union do Povo Galego-liña proletariaren sorkuntzan parte hartu zuen, eta 1979an Galiza Ceibe-OLN erakunde indepedentistarenean ere bai. Frente Popular Galegako kidea da. 2009ko Europako Parlamenturako hauteskundeetan Iniciativa Internacionalista koalizioaren zerrendan aurkeztu zen, seigarren postuan.