Literatura

Garai bat, mundu bat, pertsonaia bat

Bihar Dashiell Hammett hil zela 50 urte beteko dira, baina mundua ez da bat, eta hura irakurtzeko lerroak ere ez dira meridiano bakarretik pasatzen; literaturak bere auzuneak dituen bezala dituzte irakurleen buruetan bizi diren 'ninguen'-ek ere. Mende erdia egingo du Xose Neira Vilasen 'Memorias dun neno labrego' liburuak ere, eta, berarekin batera, Balbinok, herri baten mito bihurtu zen pertsonaiak.

Jon Benito.
2011ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Eu son Balbino. Un rapaz da aldea. Como quen dis, un ninguén. E ademais, pobre. Porque da aldea tamén é Manolito, e non hai quen lle tusa, a pesares do que lle aconteceu por causa miña». Bere horretan emanda utzi dut, galegoz, Galiziako literaturako liburu hasiera gogoratuenetako bat baita Xose Neira Vilasen Memorias dun neno labrego liburukoa (Andres Urrutiak itzuli zuen euskarara, Mutiko baserritar baten oroitzapenak tituluarekin, Labayru argitaletxean, 1988an). Ez dakit ohiko literatur saririk jaso duen liburu honek, baina besterik ezean, gazte belaunaldi askoren buruetan geratu izanaren saria du berekin, galegoz egon denik eta irakurriena delako, eskoletan ezinbestekoa izan denez. 600.000 ale saltzera ailegatu direla diote argitaletxeak banatutako azken datuek. Horietako gehienentzat, gainera, literatura idatzira gerturatzeko lehen lana izan zen, hitzen ederrarekin eta adierazi beharraren artearekin topatzeko ataria.

Neira Vilasen atarikoa ospatzeko, aste honetan bertan, mutiko nekazariaren liburuaren beste edizio bat argitaratu dute, okasiorako Luis Seoane margolariak egindako marrazkiak berreskuratuz eta Victor Fernandez Freixanesen hitzaurre eta Xesus Alonso Monteroren ikerketa berri banarekin. Iragarri dutenez, beste edizio bat ere izango da, eta hark Xaquin Marinen marrazkiak izango ditu, eta galegoz, katalanez, suedieraz eta euskaraz idazten duten hainbat idazlek mende erdiaren kariaz liburuaren bertuteez idatzitako oharrak bilduko ditu berekin.

Garai eta jende baten bi begi eta letra batzuk

Xose Neira Vilas Pontevedran jaio zen, Gres herrian, 1928an. 1961ean argitaratu zuen bere lehen lana izan dena, lehen aipaturiko Memorias dun neno labrego. Bertan, lurraren egia zenbait eraman zituen paperera. Bere antzekoa izan zitekeen haur bat protagonistatzat hartuta, herrixka batean lurretik bizi zen jendearen beharrak ipuindu zituen: Galiziako nekazarien mundu txiki bat deskribatzen zuen, haren bizimoldea eta ohiturak, hango tranpak eta natura, bizi nahi eta bizi beharrarekin.

Bide horretatik, egilearen beste lan batzuetan legez, estilo errealista batean, jendartearen funtzioak bideratzen dituen logika sozial makur bat deskubritzen dute Balbino pertsonaiaren begi inozenteek. Leku bat eta begirada bat daude liburuaren hasieratik: lekua Galizia da, eta garaia, egilearen gaztaroa. Baina gaitz erdi protagonistaren menturak Galizian hasi eta amaituko balira: beste hainbatek garai hartan egingo zuenez, Balbinok haur delarik heldu egin behar du eta atzerrira joan. Ulertzekoa da zentzu horretan, eta gerra osteko giro itxian batez ere, Neira Vilasen literatur lanek izan zezaketen oihartzuna. Errealitatearen kontakizuna zen askorentzat: bizi zutenarekin identifikatze horrek ekarri zuen Memorias dun neno labrego literatur lan bat baino askoz gehiago izatea Galizian.

Jendearen patua literatura egina

Liburuaren arrakasta jendeak bizi zuenaren identifikaziotik zetorren, eta idazlearen motibazioa ere handik abiatzen zen: 21 urterekin, haurtzaro eta gaztaroko Galizia menditarra utzi eta Argentinako Buenos Airesera aldatu zen. Bizi beharraren manatuetara emana, behin sabelaren eskariak aseta, eta irudimenaren eta herriminaren plazererako, bere kabuz ikasi zuen, inoren aterperik gabe, literaturaren artea. Argentinan, emazte izango zuena ezagutu, ezkondu eta Kuban egin zuen bigarren Galizia. 1994tik, dena den, jaioterrira itzulia dago idazlea, eta han zabaldu da haren izen bereko fundazioa.

Haren patuaren isla edo erantzuna balitz bezala ulertu behar ote da haren literatura, ordea? Xose Luis Mendez Ferrinek dio Castelao eta Diesteren bideari jarraitu ziola Neira Vilasek errealismo ustez liriko baten bideari heldu zionean, baina badela aldaketa edo ezberdintasun bat haren kasuan. Berarekin, Mendez Ferrinen iritziz, herrixka idilikoaren ideia amaitu egiten da Galizian. Alde horretatik, Xente no rodicio argigarria da: herrixka tragediaren kokagunea da, ez natur paisaia zoragarri eta bekaitzik gabea. Han uzta galdu egiten da, han jendea gose da, han umeek helduen ondoan haiek adina egiten dute lan.

Ez beza pentsa inork, gazte garaietako irakurketa izan eta Balbinoren begirada biziatu gabea izan arren, liburua inozoa denik: esplotazioaren mekanismoak eta logikak aztertzen ditu, herrixka zoragarriaren ilusioa bertan behera uzten du, nekazaria abstrakziotik ateratzen du hezur-haragizko eginez haren problematika deskribatzeko. Aurrerantzean nekazaria ezin da ninguen izan: norbait da. Bere literaturak duen karga politikoak ere bereizten du Neira Vilas.

Mundua deskribatu: jendeaz hitz egin

Garai baten kronista izan eta herri batekin sentimentalki bat egiteko bertutea badu, narrazio horrek egiatik eta egiaren kronikatik behar du. Camiño bretemoso liburuan haur baserritarraren ipuinean bizipen pertsonaletik zegoen bezala, hemen ere, etxe zaharren herrixkatik Buenos Airesera mugitzen da pertsonaia. Orduan bidaiatzea ez zen orain bezala hegazkinean joatea: dena atzean uztea zen, bidaia bera odisea; abentura grinak baino gehiago geratzen zena galtzearen tristeziak eta etorkizuneko bakardadeak hartzen zuen barrua. Neira Vilasek ondo ezagutzen zuen kontatzen zuena, baina bazekien bere esperientzia ez ezik beste askorena ere bazela, belaunaldi oso baten testigantza zela edo herri oso batena. Alde horretatik, eta literatur lanaren osagarri, ez da ahaztekoa idazle gisara ez ezik kazetari gisara egindako lana. Galegos no Golfo de México liburuan, adibidez, Mexikon aterpe hartuta bere antzeko patua izan zuten askoren lekukotasunak bildu zituen.

Alberto Lemak uste du Xose Neira Vilas ez dela Mark Twain baina Balbino izan litekeela Huckleberry Finn, bere inozentziatik mundua eta haren funtzionatzeko modua deskubritzen ari denez. Ikasketa prozesu bat da, nolabait, Neira Vilasek haurtzaro eta gaztaroa gaitzat harturiko liburu bakoitza. Ordura arte literarioa ez zen mundu bat erretratatzen du bere pertsonaiekin, haien problematika azalduz, baina hori bakarrik ez, ia-ia literatura berri bati bidea zabaldu zion Neira Vilasek: ia inork ez bezala, ia inork aipatzen ez zuen munduaz aritu zen, egia dakitenen begiek ikusten duten argitasunarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.