Garai bateko argazki bat

XX. mendeko jendeen kronika den 'Bar Puerto' DVD eta liburu batean atera dute Urdangarin, Uribe eta Eizagirrek

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2010eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
2000a baino lehentxeago, milurteko berriaren atarian itzuli zen Kirmen Uribe Italian ikastetik Ondarroara. «Gure amamaren etxea bota egingo zuten, auzo osoa zehatzago». Mende berria hastera zihoan, eta «tokiak soilik toki ez, eta memoria ere badirenez», eraitsiko zuten giro hartako «jendeen memoria» literatura, zinema eta musika bidez jasotzea erabaki zuen Uribek, alegia, Bar Puerto deritzon ikuskizuna egitea. «Eta grabatzen hasi ginen».

Josu Eizagirrek kamera hartu, eta hainbat jenderen etxera joan ziren. «Aspaldiko lagunak bagina bezala hartu gintuzten, eta horrek indar izugarria eman zion lanari», azaldu du Eizagirrek. Gineako etorkin bat, kartzelan izandako gudari bat, gerraoste latza bizi izandako emakume bat eta Galiziako marinel bat ageri dira, besteak beste, Bar Puerto-n.

«'Bar Puerto'-n hasi zen dena»

Egunkari moduko bat osatu zuten «bazterreko ahots» horiek guztiak lotzeko, fikzio bat. Mikel Urdangarinekin batera ondu zuten obra. Eta Korrika Kulturalean aurkeztu. Hamar urteren ostean, Bilboko Poesia Astean eman zuten ostera ere iaz. Eta emanaldi hura DVD batean argitara eman dute orain, Elkar argitaletxearekin, Bar Puerto titulupean.

Liburuxka bat ere badakar DVDak, obran erabilitako abestiekin eta beren beregi sortutako poema eta kantuekin. Ingelesezko eta espainierazko itzulpenak dauzka. Baita argitalpen horretarako espresuki Juan Carlos Perezek idatzitako testu «eder bat» ere.

Uribek uste du ohartu gabe bizitzeko era bat ezartzen ari zaizkigula, eta, dioenez, Bar Puerto-n «bizitzeko era asko» daude jasota. Nolanahi ere, atzera eginiko begirada ez dela ohartarazi du. «Ez da nostalgikoa, ezta moralista ere», ziurtatu du idazleak. «Momentu bat jaso nahi genuen, gure jendeari hitza eman, eskua luzatu bazterrean dagoenari, fokutik kanpoko istorio horiek erakusteko». Ondarroan girotua den arren, «gizarte globalizatu bati buruzko lana» dela azaldu du Uribek. Eta zalantza egin gabe dio: «Bar Puerto-n hasi zen dena». Kirmen Uriberen ibilbide profesionala, eta baita neurri batean Bilbao-New York-Bilbaoere. «Bar Puerto-n dago nobelaren hazia. Egiteko modua oso antzekoa da lan bietan: ahozko historia jasotzea, testuartekotasuna lantzea, hainbat esparrutako hizkerak ematea...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.