HILBERRIA. Javier Viar

Garai estuetan, museoaren lemazain

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Inigo Astiz
2021eko urriaren 29a
00:00
Entzun
«Ez dut asko pentsatu beharrik izan museoaren nortasunari buruz: diru falta izan da nire arazoa». Erretiroa hartzeko atarian, zorroztasun horrekin laburbildu zion Javier Viarrek (Bilbo 1946-2021) Bilboko Arte Ederren Museoa zuzentzen egindako hamabost urteko igaroaldia BERRIAri. Botikari ikasketak egin zituen Madrilen, baina oso gertutik jarraitu izan zien Euskal Herriko artearen nondik norakoei beti. Arte kritikari modura hasi zuen ibilbidea, komisario ere izan zen, eta Bilboko museoko administrazio kontseiluan hamarkada bat baino gehiago egin ostean heldu zen zuzendari postura, eta erretiroa hartu ostean, 1936tik 2016ra arteko euskal artearen historia biltzen duen hitzaurrerik ere gabeko ia 600 orriko ikerketa kaleratu zuen. 75 urtetan hil zen, atzo.

Viarrek uste zuen Guggenheim museoaren irekierak onura baino ez ziola ekarri Arte Ederren Museoari, baina, edonola ere, museoak nortasun propioa zuela ere nabarmendu zuen, eta, haren bildumaren zabaltasun kronologikoa kontuan harturik, «museo entziklopedikoa» izatea beste aukerarik ez zuela defendatzen zuen. Hortik BERRIAko elkarrizketan emandako titularra: «Bilboko Arte Ederren Museoak kontserbadorea izan behar du». Eta ñabardura ere gehitu zion. «Horrek ez du esan nahi erreakzionarioa izan behar duenik».

Ziurrenik, sasoirik estuenetan ere lemari heldu izana da haren zuzendari sasoiaren lorpen nagusietako bat. Izan ere, museoak 12 milioi euro inguruko aurrekontua zuenean hartu zuen zuzendaritza, eta 7,5ekin eutsi behar izan zion egitekoari. Publiko zabalena erakartzeko moduko hainbat erakusketa antolatuta, ordea, zenbaki estu horiekin ere, inoizko bisitari kopururik handienak izan zituen museoak haren zuzendaritzapean, eta datu hori nabarmendu izan zuen berak ere, bere lorpenen artean. Zehazki, sei aldiz gainditu zuen museoak urtean 200.000 bisitariren muga, eta 300.000ko langara ere gerturatu zen 2012an.

Miguel Zugazari hartu zion lekukoa Viarrek, eta Zugazari itzuli zion bueltan 2017an, «pozik». Viar izan zen une honetan hastekoak diren museoaren handitze lanen beharra publikoki azaldu zuen lehenetarikoa ere. Amets horrekin utzi zuen gidaritza, hain justu, 2017an. «Museo hau hazten ikusten dut nik. Esana dut: museo honek ez du hazten jarraitzea beste bokaziorik. Aurrekontua handitzea eta eraikina handitzea, hori da behar dena».

1936tik 2016ra arteko euskal artearen historia biltzen duen liburua idazteaz gain, museoak iaz Vicente Ameztoi margolariari eskainitako erakusketako komisarioa ere izan zen, Miriam Alzurirekin batera. Ordukoa izan zuen azken agerpen publikoetako bat. Dolumin mezua zabaldu zuen atzo museoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.