Garaztarrak dantza taldeak 'Kontrapas' aurkeztuko du gaur Izpuran

Joselu Berasategik zuzendu du lana, eta euskal kulturaren eta modernitatearen arteko loturak ditu aztergai

Erredakzioa
Baiona
2012ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Garazi eskualdeko (Nafarroa Beherea) Garaztarrak dantza taldea aspaldi hasi zen euskal kulturari buruz gogoeta egiten. Horren ondorio izan zen 2005ean, haien 50. urteurrenean, egindako ikuskizuna. Euskal dantzak eta rapa nahastu zituzten horretan. Oraindik ere gogoeta berari eusten diote, eta zazpi urte geroago, euskal kulturaren eta modernitatearen loturak aztertzeko helburuarekin, Kontrapas ikuskizuna atondu dute. Joselu Berasategik zuzendu du, eta gaur (21:00) eta bihar (17:00) aurkeztuko dute, Izpurako Faustin Bentaberri aretoan, Nafarroa Beherean.

«Herrikotasuna zainduz, beste kulturekiko zubiak eraikitzea» da oraingoan taldekideen helburua. «Horretarako, dantza mota berriak landu ditugu, antzerkigintzarekin eta bideogintzarekin uztartuz». Kontrapas osatzeko, azken bi urteetako asteburu guztietan bildu dira dantza taldeko kideak. «Sorkuntzari buruzko gogoetak egin ditugu, ikerketak trukatu, dantza urrats berriak asmatu, musika zatiak idatzi edo errepikatu...». Zenbait artista profesionalen laguntza izan dute, gainera. Maialen Maritxalarrek, adibidez, «arropa eta irudi ikusgarriak asmatu ditu». Jon Maia eta Ibai Tikoipe dantzarien ekarpena ere oso baliagarria izan zaiela nabarmendu dute, «dantza urratsak sakondu, landu eta hobetzeko garaian». Gainera, lanak beste dimentsio bat har dezakeela uste dute, «Joselu Berasategi antzerkigilea ere badelako».

Eta horren guztiaren emaitza da, euskal kulturaren eta gaurkotasunaren arteko zubiak eraikitzeko asmoz, «dantza herrikoia eta garaikidea» lotu dituztela. Antzerkiak, musikak eta poesiak «berritu» egin dute dantza sorkuntza. Euskal nortasunarekiko loturaz, euskararen egoera zalantzagarriaz eta hizkuntzaren transmisioaren balioaz gogoeta egin nahi dute. Lau zati ditu obrak, 25 dantzari biltzen ditu, eta musikariak ere zuzenean ariko dira: bi perkusio jotzaile, akordeoi jotzaile bat, txistulari bat, gitarrista bat eta biolin jotzaile bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.