Garrasi bat heriotzari

Victor Hugoren 'Kondenatu baten azken eguna' nobela euskaratu du Juan Mari Agirreurretak

gorka erostarbe leunda
Donostia
2010eko urriaren 28a
00:00
Entzun
Lehen ere euskarara ekarriak dira Victor Hugoren zenbait lan. Euskal Herria ezagutzen zuen idazle frantziarrak, eta, batez ere, Pasai Donibanek (Gipuzkoa) liluratu zuen bertara egindako bidaietan. Euskaraz eman gabea zen oraino Kondenatu baten azken eguna, jatorrizko obra ere ez baita lanik ezagunenetakoa. Juan Mari Agirreurretak (Pasai Donibane, 1977) itzuli du euskarara, Elkar argitaletxearekin: «Gure herria hain gustuko zuen idazleari egindako keinu txiki bat ere bada».

Duela zazpi urte Parisen bizi zen Agirreurreta, eta Sena ibaiaren ertzeko liburu saltzaile bati erosi zion frantsesezko alea: «Asko gustatu zitzaidan eta bazituen berezitasun batzuk. Oso eleberri laburra da, Victor Hugoren gehienak ez bezala, eta ez oso ezaguna. Beraz, liburua euskaratzea pentsatu nuen». Euskal filologiako lizentziaduna da Agirreurreta, euskara eta frantses irakaslea da, eta Bergarako amodiozko gutunen saria irabazitakoa.

Izenburutik beretik ageri du gaia liburuak: heriotzaren atarian dagoen presoarenkezkak eta oinazeak irudikatzean, gizatasunaren muinera iristen den larrimin bat kontatzen du Victor Hugok (Besançon, 1802-Paris, 1885). «Edozein garaitan, edozein lekutan, edozein pertsonak egin dezakeen garrasi bat da. Bizi nahia eta ezin bizia», dio Agirreurretak.

Egile izenik gabe argitaratu zuen idazlana, 1829an, heriotza zigorraren kontrako aldarri gisa; polemika gaitza eragin zuen, eta handik urte batzuetara, 1832an, haren izen eta guzti kaleratu zen liburuaren bosgarren argitaraldia, heriotza zigorraren kontrako argudioetan sakontzen zuen hitzaurre batekin. Pertsonaiaz ez zuen datu askorik eman Victor Hugok. Lehen orritik jakina da heriotza zigorrera kondenaturik dagoela, baina ez du ia beste daturik ematen: «Parisen gillotinaz publikoki hildakoak ikusten zituen bere garaian, eta horrek barrena aztoratzen zion Victor Hugori».180 urte igaro diren arren, erabateko gaurkotasuna dauka, itzultzailearen hitzetan, liburuak, «oraindik zenbait herrialdetan heriotza zigorrak daudelako».

Agirreurretaren itzulpenarekin batera, Elkar argitaletxeak Marliese Arold idazle alemaniarraren Ninak ospa liburua ere plazaratu du, Joxe Mari Berasategi eta Maialen Berasategi aita-alabek euskaratua. Etxetik ihes egiten duen adin txikiko neska bat da liburuko protagonista. Bizi Taupadak bilduman kaleratu du liburua Elkarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.