O'Apostolo (Galizia), Arrugas (Galizia), Le voyage de M. Crulic (Polonia-Errumania) eta Jean de la lune (Frantzia-Irlanda-Alemania) filmei gailendu zaie Gartxot. Arturo Campion idazle nafarrak 1917an idatzitako Gartxot, Itzaltzuko bardoa liburuan oinarritu ziren Urmeneta eta Elordi. Gartxot Itzaltzuko bardoa da XII. mendearen hasieran istorio eta poemak herriari kantatzen dizkion kontalaria. Orreagako abade berriak ez du gogoko bardoaren jarduna, eta deserriratu eta haren seme Mikelot bahituko du. Ahots ederra du Mikelotek, eta latinez kantatuko duen fraide bilakatu nahi du abadeak. Mikelotek ihes egitea lortuko du, eta aitarekin herriz herri kantatzen hasiko da, harik eta soldaduek harrapatuko dituzten arte.
Benito Lertxundik jarri dio musika filmari, eta protagonista nagusiei Zuberoa eta Nafarroa Behereko kantari eta aktoreek jarri diete ahotsa; Mikel Etxekoparrek, Luxi Agergaraik eta Maika Etxekoparrek, besteak beste.
Iazko azaroaren 19an estreinatu zuten Gartxot, eta oraindik herriz herri dabil. Bigarren saria du Bordelekoa, joan den urrian Aurbuneko jaialdian (Australia) publikoaren saria bereganatu eta gero.
Festival International du film d'Animation jaialdiak 22. aldia egin du aurten, eta abenduaren 5a eta 18a bitartean egin da. Ikusleek hautatzen dute film irabazlea.