Gary Moore gitarra jotzaile irlandar ezaguna hilik aurkitu zuten atzo, Malagan (Espainia), hotel bateko gelan. Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak jakinarazi duenez, gorpuak ez du bortizkeria arrastorik, eta ikerketarik ez dutela abiaraziko esan du ordezkaritza horrek, ez badu autopsiak horretarako biderik ematen. Eta autopsiako lehen ondorioek heriotz naturala izan duela diote.
Belfasten jaioa zen Moore, 1952ko apirilaren 4an, eta musika ibilbidea 1960ko hamarkadan hasi zuen. 1970. urtean Skid Row taldea sortu zuen, eta CBS konpainiarekin kontratu bat sinatu zuen gero. Phil Lynottek Thin Lyzzy taldean aritzeko fitxatu zuen gero.
Bakarrik ere aritu zen, eta bakarrik ari zela, 1979. urtean, Parisienne Walkways abestiarekin arrakasta handia lortu zuen, baita gero Wild Frontier (1978) eta Still Got The Blues (1987) abestiekin ere.
1994an, Ginger Baker-ekin batera BBM taldea sortu zuen. Ondoren, berriro ere bakarka aritu zen. Etapa horretan Dark Days In Paradise (1997), Back To The Blues (2001), Power of the Blues (2004) eta Live at the Monsters of Rock (2003) abestiak sortu zituen. Estudioko azken diskoak Old New Ballads Blues (2006) eta Close as you get (2006) izan zituen.
2005eko abuztuan, Dublinen, kontzertua eman zuen Thin Lizzy taldeko beste kideekin, eta iaz Errusia eta Ekialde Urrunean zenbait kontzertu eman zituen. Aurten beste batzuk ari zen prestatzen, talde berri batekin. Brian Downey Thin Lizzyko kidea saminduta agertu da, eta Moore beti gogoan izango duela esan du.
MUSIKA
Gary Moore gitarra jotzaile irlandarra hilik aurkitu zuten atzo
Autopsiako lehen ondorioek heriotz naturala izan duela utzi dute agerian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu