Gatazkaren aurpegiak

Fazal Sheikhek Indiako, Brasilgo, Afganistango eta Somaliako jende zapalduei eginiko argazkiak daude Bilbon

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2010eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Kenyarra du aita Fazal Sheikhek (New York, 1965), eta 1992an, aitaren herrialdera bidaiatzeko aukera izan zuen. Lehenago ere egona zen, «udaren batean». 1992ko egonaldia «guztiz desberdina» izan zen. «Somaliar errefuxiatuen esparru bat zegoen, eta argazkiak egitea erabaki nuen. NBEko ordezkariek hartarako baimena eman zidaten, baina, horretaz gain, esparru hartan zeuden familiaburuetara joan nintzen nor nintzen azalduz eta argazkiak egin nitzakeen galdetuz. Erantzun zidaten: 'Nolatan galdetzen diguzu? Errefuxiatuak baino ez gara...'». Sheikhek garbi zuen NBEko ordezkarien baimena ez zela aski; ez argazki horiek erretratu huts baino zerbait gehiago izatea nahi bazuen.

Bilboko Rekalde aretoan dagoen atzera begirako erakusketan garbi geratzen da Sheikhen argazkiak ez direla egun batzuetan eginiko lanak. «Harreman sakona lortu ondoren eginiko argazkiak dira», Carlos Gollonet komisarioak dioenez. Horrek badu ondorio bat gutxienez; «erretratugilea ez da begirale soila, eta erretratatua ez da biktima bat gehiago».

Gatazkak gizatiartzeko intentzio bat dago Sheikhen lanaren atzean. Ikuspegi ofizialetik at, gatazkei aurpegiak jartzeko asmoa. Zazpi bildumak osatzen dute erakusketa. Bilbora iritsi aurretik, Herbehereetan, Kolonbian eta Espainian izan dira lanok. 217 argazki dira, denera. A Sense of Common Ground bilduman, 1992tik 1994ra bitartean Ekialdeko Afrikan eginiko lanak daude. Baita Kenyako errefuxiatu esparru hartakoak ere. 2000an itzuli zen ostera ere. Zortzi urte lehenago ezaguturiko sendietako askok han jarraitzen zuten, eta Sheikhek segida eman zion orduan hasitako lanari,eta A Camel for the Son bilduma egin. Han ezagutu zuen Abshiro Aden Mohammed buruzagi feminista.

Eta kontatu zion familia batean seme bat jaiotzean gamelu bat oparitzen diotela, nagusitzean gamelu hark kumeak izango dituelako, eta, hartara, seme horrek zerekin bizi izango duelako hazitakoan. Ordea, jaiotzen dena alaba bada, ez dago gamelurik ez bestelako aukerarik. Familiarentzat lanean geratuko da, etxean. Hortik dator bildumaren izenburua eta salaketa.

Bilduma horiekin argazki kazetaritzaren eremuan toki bat egin zuen Sheikhek. Hala, Ramadan Moon (2000) eta Simpatía (2001)enkarguz egin zituen. Lehena, Roterdamgo (Herbehereak) Nederlands Fotomuseumen eskariz ondu zuen, Seynab Azir Wardeereri buruz. Muqdishotik, Somaliako hiriburutik, Amsterdameraino joandako emakume bat da, eta ilargiaren argipean otoitz eta amets egiten du Ramadaneko hilabeteetan. Bestalde, Simpatía-n Brasilgo Gran Sertaoko etorkinen folklorea erakusten da, baita haien esaerak ere. Honela dio horietako batek: «Arantza batetik arrosa bat lora daiteke. Arrosa batetik arantza bat lora daiteke».

Lan horien aurretik, 1996tik 1998ra sorturiko The Victor Weeps sailean, Afganistango emakumeen ahotsa jaso zuen Sheikhek. AEBek eginiko inbasioaren ondorioz nazioarteko komunitateak arreta jarri aitzin erreparatu zien argazkilariak andre horiei, eta argazkiak egiteaz bat, testu bat ere idatzi zuen, nazioarteko Mendebaldeko pentsabidea salatuz. «Ezjakintasunaren biktima gara», idatzi zuen Pakistanen erbesteratutako emakume afganiar batek.

Indian 2003tik 2008ra artean sortutako beste bi bilduma ere badaude Bilbon: Moksha eta Ladli.

Hotsanditasunik gabe

Sheikhen lanak zuzenak dira. Ikuslearen begiradak erretratatuaren begiradarekin topo egiten du. Ez dago hotsanditasunik. Arrazoi batengatik: «Sheikhek ez dizkie argazkiak atera soilik, haien kondizioa ulertzeko ahalegin bat ere egin du, eta horrek eragin zuzena du pertsonen keinu eta jarreran», Golloneten arabera. «Maila artistiko horren handiko lanak lortzeko, erabaki etiko eta intelektual bat behar da», komisarioaren ustez. Hori baino gehiago ere bai, «argazkian ageri direnekiko benetako errespetua».

Zuri-beltzean dira obra guztiak. «Kolorerik ez edukitzeak meditaziorako joera erraz dezakeela uste dut, horren agerikoak ez diren beste alderdi batzuk nabarmendu ditzake», azaldu du artistak.

Argazki kazetari sonatua da Sheikh. Eta azken urteetan eremu horretako garaikur nagusietako bi lortu ditu: MacArthur Fellowship saria eta Henri Cartier-Bresson International Grand Prix deritzona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.