«Literatura eta, bereziki, fikzio garaikidea gure errealitate asaldatua erakusteko, aztertzeko eta berreraikitzeko esparru pribilegiatu gisa onartzetik abiatutako gara», adierazi du Mari Jose Olaziregi Etxepare Euskal Institutuko Euskararen Sustapen eta Hedapenerako zuzendariak, Konstantzako Unibertsitatean (Alemania) etzi eta etzidamu egingo den sinposioa aurkezterakoan, izenburutzat Euskal kultura eta gatazka politikoa duena. Horregatik, aparteko garrantzia izango du, Olaziregiren ustez, Arantxa Urretabizkaia, Harkaitz Cano eta Iban Zaldua idazleen parte hartzearekin etzidamu, asteartean, 16:30ean egingo den debateak.
Cano, Urretabizkaia eta Zalduaz gain, Euskal Herriko, Konstantzako, Nevadako (AEB) eta Madrilgo hainbat unibertsitatetako irakasleek hartuko dute parte sinposioan, horien artean Imanol Murua Uria, Mikel Aierbe, Izaro Arroita, Maitena Etxebarria, Francisco Letamendia, Jose Ramon Uriarte, Gonzalez Alvaro Txillida,Joan Tous, Janila Honl eta Daniela Bister direlarik. Ruper Ordorikaren emanaldi bat ere hartzen du bere baitan sinposioaren programak, etzi arratsean.
«Biltzarrak euskal gatazkaren inguruan hausnartzeko esparrua eskaintzea du xede», azaldu du Olaziregik, «euskarazkoliteratura idatziak aspalditik mintzagai izan dituen berbaldi narratiboen sorburuan diren gatazkaren sorreraren eta errekonozimendurako politiken inguruan gogoeta egiteko.Alemaniarren begiratua izango dugu, Universitat Konstanz bezain ospetsua den eztabaidarako gune batetik egindako irakurketa, izan ere, bertan ditugu, besteak beste, literaturan terrorismoak duen errepresentazioa aztertzen duten ikerketa taldeak. Eta horixe egiteko asmoa dugu sinposioan».
Literatura orok duen «bertute bat» du euskal literaturak, Olaziregiren ustez: «Literaturak, batez ere nobelak, ahots desberdinak barneratzen ditu, eta desberdintasun horren oroimenean oinarritzen da fikzioa. Hortik etorriko da nolabaiteko adostasuna. Alde horretatik, iruditzen zait eztabaida politikoez gain, historialari batek eman dezakeen ikuspuntuaz gain, askoz ere egiatiagoa dela literatura, aniztasun hori erakusten duelako». Konstantzara joango diren hiru idazleen kasuan «oso nabarmena» da hori. «Oso berezia da zer ahalegin egin den terroristaren barruko ikuspuntua erakusten, edo biktimarena erakusten. Orain puri-purian dagoen gaia da, baina literaturan aspalditik lantzen ari dena».
Horregatik ez zaio harrigarria iruditzen Konstantzako Unibertsitatearen interesa, «Alemanian hausnarketa oso serioa egin dutelako azkeneko hamarkadetan, eta oso aurreratuta daudelako». Horren ondorioz, euskal irakurletza ezarri aurrekoa da euskal literaturaren inguruko interesa eta jakin-mina Konstantzan.
Idazle gisa duen ikuspuntua ematera joango da Konstantzara Arantxa Urretabizkaia, Hasier Etxeberriak eta Markos Zapiainek euskal gatazka jorratzen duten eleberriekin osatutako zerrenda oinarri gisa hartuta (http://zuzeu.com/blogak/alua-mundua/2011/12/08/gatazkaren-letrak/), ziurtasun baino zalantza gehiagorekin. «Zalantza dut euskaldunok gatazka bakarra ote dugun, eta galdetu nahi diet hango entzuleei ea gatazka bakar batean definituko luketen zer den Alemania. Ezingo lukete konflikto bakarra adierazi, eta, nire iritziz, guk ere ez daukagu bakarra. Baina nabarmenena hori da, eta askorentzat gatazka esaterakoan hitz horrek ez du inongo minuskularik, ez du inongo bereizgarririk edo osagarririk, gatazka bat bera eta bakarra balitz bezala. Hori jartzen dut nik zalantzan lehenengo».
Idazleen jarrera, kolektibo gisa
Konstantzako sinposioak «jarraipen sistematizatua» behar luke Euskal Herrian, Urretabizkaiaren iritziz. «Orain arte kanpotik zerbait etorri denean —Fernando Aranburu idazlearen adierazpenak dira azken adibidea—, hor hasi gara batzuk eta besteak erantzuten. Baina iritsi da bi gauza aztertzeko unea: mamia baina, baita ere, idazleok kolektibo gisa kontu honetan guztian izan dugun jarrera». Horregatik irizten dio interes handikoa Konstantzako sinposioari.
Idatzita eramango du han esatekoa Urretabizkaiak, baina pozgarritzat joko luke etxera itzuli aurretik «han esandakoaren erdia gaizki dagoela» jabetzea. «Nire iritziak behin-behinekoak dira, eta Konstantzara noa iritzi horiek aldatzeko gogoz».
Konstantzako sinposioan ez ezik, Alemanian egingo diren beste hainbat ekitalditan ere parte hartuko du Etxepare Institutuak hurrengo egunotan. Besteak beste, Berlingo zinema jaialdian egingo den Euskadiko Egunean, Basque Culinary Centerrekin etaEusko Jaurlaritzako Turismo eta Nekazaritza Sailarekin batera.
@Informazio gehiago eta egitarau osoa, Etxepare Institutuaren webgunean: www.etxepareinstitutua.net
Gatazkari so, fikzioaren «esparru pribilegiatutik»
Urretabizkaia, Cano eta Zaldua idazleek borroka politikoek literaturan izandako isla aztertuko dute Alemanian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu