Haur eta gazte literatura

Gatazkekin bizitzen ikasteko

2010eko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Isabel Abedi nerabeentzako thrillerrak idazteagatik da entzutetsu eta polemikoa, zale ugari eta kontrario mordoxka pilatzen dituena. Halakoetan gertatzen den bezala literatura «komertziala» deritzon barrutietan topatu ohi dugu bere lana, salmenta estrategia handinahietara bideratutako literaturaren ezaugarri nagusiak agertzen: dela jorratzen dituen gaien moda kutsua —azken lana, Isola, Anaia Handia deritzon telebista formatuetan kokatzen da—, dela erabiltzen dituen literatur baliabide aurre-ezarriak. Alde horretatik esan genezake idazle honen ekoizpenek merkatu estrategien baitan mugitzeko joera erakusten dutela, gazte literaturan bezala haur literaturan ere.

Hortaz, oso kontuan izan gaur proposatzen dizuedan liburu hau merkatu estrategietan eta irakurle-erosleen nahietan arakatzen ohitura duen Abediren esku zailduak sortutakoa dela.

Baina zein da guraso-erosleok gure haurrei opa diegun literatura mota, Abediren ustez? Bada, kutsu hezitzaile handia duten lanak. Halaxe interpreta daiteke behintzat lan honen azterketa eginez. Izan ere, liburu honetako lau istorioek harreman gatazka ohikoen errepasoa egiten dute, konfliktoan dauden bi pertsonaia, Antxumea eta Ahatea, txandaka aztertuaz. Istorio bakoitzeko bi aldiz azaltzen zaigu gertaera bera, lehenik pertsonaia baten ikuspuntutik biziko dugu konfliktoa eta jarraian beste pertsonaiaren ikuspuntutik. Horregatik istorio bakoitzak bi izenburu ditu, pertsonaia bakoitzaren ikuspuntua islatu nahi dutenak-edo. Ikus ditzagun: lehen istorioa haserrealdiei eta bakeak egiteari buruzkoa da eta Antxume tentela!/Ahate txepela! deitzen da. Bigarren istorioa kentzeari eta itzultzeari buruzkoa da eta Aurkitu dut!/Desagertu da! deitzen da. Hirugarrena galtzeari eta irabazteari buruzko istorioa da eta Kaka zaharra, galdu dut!/Aupa, irabazi dut! deitzen da. Laugarren eta azkena aitortzeari eta barkamena eskatzeari buruzkoa da eta Ni ez naiz izan, benetan!/Ni ez naiz izan, benetan! deitzen da.

Idazkuntza-teknika bera erakusten dute kontaketa guzti-guztiek. Lehenik gatazka unearen erretratua egiten zaigu, ondoren haurra etxera doa, minduta, amarengana. Horrek gertatutakoaz galdetzen dio eta haurraren hausnarketa sustatzen du. Jarraian haurra bere gelara doa eta, gertatutakoaz pentsatu ondoren, erabaki bat hartzen du, gatazka konpontzeko bidean jarriko duena. Azken irudian bi adiskideak elkar hartuta agertzen dira, pozik. Ilustrazioa ere ildo beretik doa, arriskurik batere hartzen ez duen irudi aski estereotipatu eta gozoak eskainiz, idazketaren ildoari erabat txertaturik.

Laburbilduz: haurren artean maiz izaten diren liskarrak, euren adiskidetasun gorabeherak, elkar ulertu nahiak eta ezinak… dira ipuin bilduma honetan azaltzen direnak. Gatazkaren alde guztiak erakusteko asmoarekin egina, ikuspuntu aniztasun horrek irakurleari halako egoera baten irakurketa osoa eman nahi dio, gerora norbere bizitzan egoeren konplexutasun horretaz jabetu eta bere sentimenduen itsutasunean ito ez dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.