Literatura

Gatazken aurreko jarrerei erreparatu die Katixa Agirrek bere lehen eleberrian

Bikote batek Euskal Herrian egindako auto bidaia bat da 'Atertu arte itxaron' (Elkar) eleberriko hari nagusia. Nahasiz joango dira, ordea, bi pertsonaien arteko gatazka eta euskal gatazkari buruzko erreferentziak.

Katixa Agirre, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS
Inigo Astiz
2015eko martxoaren 25a
13:53
Entzun

Kezka bat aipatu du Katixa Agirrek liburuan marrazten duen maparen erdi-erdian. “Ez dut esango ideia nobela bat denik, baina badago kezka bat: gatazka baten aurrean zer nolako jokaera daukagun”. Road movie baten gisakoa da liburua, eta Ulia eta Gustavok Euskal Herrian egndako bi asteko bidaia da kontakizunaren bizkarrezurra. Haien arteko bikote gatazka izango da liburuaren motor nagusietariko bat, baina ez da bakarra. Protagonistak maiz aipatuko du Benjamin Britten konpositore bakezale eta ezkertiarrak II. Mundu Gerrara joateari egindako ukoa ere, adibidez, eta presentzia handia izango du euskal gatazkak ere liburuan. Berriak aurrerapen modura eskaini zuen nobelak lehen kapitulua.

Txirikordatuz doaz hiru hari horiek kontakizunean, eta adibidea aipatu du Agirrek. Madrilgo martxoaren 11ko gertaeretan ezagutu zuen elkar Ulia eta Gustavok. Baina ez da hori bakarrik, ordea. Nolabait ere, protagonistaren gurasoen maitasun istorioaren paraleloan doa bikote gaztearena ere. Madrilgo atentatuetan egin zuten topo Uliak eta Gustavok; 1976ko martxoaren 3an ezagutu zuten elkar Gasteizen Uliaren gurasoek. “Gurasoek han ezagutu zuten elkar, eta maitasun istorio gora beheratsua dute, gatazka politikoak oso baldintzatua”. Eta hortik idazlearen galderak. “Nola aurre egin iragan horri? Nola maneiatu iragan hori? Nola jokatu horren aurrean?”.

Hamaika geltokiko bidaia

Zehaztapena ere egin du, halere: “Plazerrak ere badu bere abagunea nobelan”. Dena ez dela Thanatos, alegia, eta badagoela Erosik ere. Auto bidaian protagonistek egiten dituzte oturuntzak aipatu ditu adibidez, eta baita bisitatutako zenbait ingururen edertasuna ere. Ez dira gutxi, izan ere, liburuan bisitatzen diren Euskal Herriko bazterrak. Gasteizen hasi, Arabako txokoak bisitatu, Bizkaiara pasa, Bilbon sartu, Lekeitio ezagutu, Getaria, Donostia, Arantzazu, Baztan eta Ipar Euskal Herriko herriak ondoren. “Bidaia aukeratu nuen narrazioaren formularik oinarrizkoena delako. Aitzakia ematen zidalako istorio bat aurrera eramateko, garapen bat egoteko, baina aldi berean hainbat gauzari buruz hitz egiteko”.

Erronka izan dela aitortu du. Lehen nobela du lana, aurrez bi ipuin liburu idatzi dituen arren: Sua falta zaigu (2007) eta Habitat (2009). Nobela besterik dela dio, ordea. Orain sei urte sortu zitzaion liburuko ideia Agirreri, baina lan sorta izan du tartean ,eta horregatik ez du izan aukerarik lehenago argitaratzeko. Lana borobila dela esan du Xabier Mendiguren editoreak Bilbon egindako aurkezpenean. “Nobela handi bat da kalitatez”.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.