Aurreneko begi kolpean ez du, akaso, iazkoaren distirarik izango; izar erraldoien xerka dabilenari kostako zaio bere ikusminaren mailara ailegatuko den ezer kausitzea, baina Donostiako 47. Jazzaldiko egitaraua patxadaz begiratzea nahikoa da ohartzeko aurten ere musika eskaintza zabalaz gozatzeko aukera izango dela. Jazz tradizioko askotariko adarretatik edaten duten musikariez gain, entzungai izango dira, konparazio baterako, 80ko hamarkadako popa jotzen duten taldeak, indie eszenan puntan dabiltzanak, eta, gaurko moduan, eztarritik soul doinuak oihukatzen dituztenak. Sharon Jonesen ahotsak berezko arima balu bezala kantatzen duela uste du askok, eta hura izango da gaueko protagonista Zurriolan. Berotzeko, Alabama Shakes taldeak joko du aurretik, eta horiek ere soul purua eskainiko dute, rock-and-rollaren indarrez.
Antolatzaileen arabera, orotara 115.000 entzule bildu zituen jazzaldiak iaz —B.B. King bera bakarrik ikustera 41.000 lagun joan omen ziren—, eta aurtengo sarrera salmentaren abiadari erreparatuta, beste horrenbeste elkartzea espero dute. Eskaintza, behintzat, ez da falta: bost egunez, 102 kontzertu izango dira hamalau agertokitan; horietatik 71, doakoak. Urtero legez, egun osoan izango da zer entzun Zurriolako terrazan jarritako hiru guneetan —Coca-Cola, Frigo eta Heineken—. Gainera, Nautikoko terrazan, Altxerri tabernan, Basque Culinary Centerren eta zientziaren museoan ere izango dira emanaldiak. Baina, batez ere, betiko agertoki nagusiak izango dira jaialdiaren oinarri.
1. Agertoki Berdea
Urtea joan eta urtea etorri, Zurriolako hondartzan pilatu ohi da jende gehiena, normalean, bertako proposamenek ere halako neurriko sona izaten dutelako. Jazzetik urrunen dauden taldeen emanaldiak izaten dira Agertoki Berdekoak, publiko gaztearentzakoak eta doakoak. Bertan joko dute gaur Sharon Jones & The Dap-Kingsek eta Alabama Shakes taldeek. Bihar, ostera, Zola Jesus kantautore amerikar gaztea arituko da Destroyer bandakoen aurretik. Musika ibilbide oparoa egin duen taldea da Destroyer, baina indie rockaren ikur nagusietako bat bihurtu ditu Kaputt (2011) haien diskorik berrienak. Hiru euskal talde arituko dira larunbatean, goiz partean: Inra, Giranice eta Peachy Joke. Gauean, berriz, Jonathan Wilson amerikarraren folk psikodelikoa eta The Waterboysen zelta kutsuko rock doinuak izango dira entzungai. Igandean, amaitzeko, bi euskal taldek joko dute goizean —Ras Miguel & Tafarik eta Supersweetek—, eta iluntzean, Gary Clark Jr. bakarlari estatubatuarra ariko da The Wedding Presentekoen aurretik. Azken horiek 1985ean sortu ziren Leedsen (Ingalaterra); indie rocka egiten dute, eta talde entzutetsu zenbaiten eraginak dituzte. Aipagarrienak, The Fall, Buzzcocks eta Gang of Four.
2. Viktoria Eugenia
Bihar iluntzean, proposamenez lepo izango dira Viktoria Eugenia antzokiko gelak; izkina bakoitzeko artista bat ariko da, kasik. Hala, gauerditik aurrera, ia garai berean joko dute Ray Gelato & His Giants Orchestrak, Mari Kvien Brunvollek, Just Friends Quintetek, Terje Rypdalek, Peter Evansek, Dorantes: Sin Muros! proiektukoek, eta Josetxo Goia-Aribe eta Arantxa Diezek. Gainontzean, larunbatean eta igandean, Tom Waits omentzen duen L' Orchestre d' Hommes-Orchestre Performs Tom Waits proiektukoek emanaldi bana eskainiko dute. Performancea eta musika uztartuz, abeslari mitikoaren kantuak joko dituzte, betiere beren galbahetik igarota.
3. San Telmo museoa
Lehia bitxi baten lekuko izango da aurten San Telmo museoa: musika borrokaldien ring bihurtuko da, lehendabizikoz. Alde batetik, bertako musikariak arituko dira, eta, bestetik, atzerrikoak. Helburua, argia: inoiz ikusigabeko doinu nahasketa baten ondorioz entzuleak K.O. uztea. Larunbatetik astelehenera,Hyperpopotamusek Aymeric Hainauxekin neurtuko ditu indarrak; Hakon Kornstadek, Oreka TX-koekin, eta Gonzalo Tejadak, Olivier Ker Ouriorekin.
4. Trinitate plaza
Jaialdiko gune klasikoenetako bat den horretatik itzal handiko izenak igaro dira, eta aurten ere ez da motz geratuko. Bihar hasi eta igandera bitarte, egunero bi emanaldi izango dira, ordaindu beharrekoak. Bihar, Marc Ribot gitarrista arituko da, Los Cubanos Postizos taldekideekin batera. Etengabe berrikuntza bila ibili zalea delako da ezaguna Ribot, haren gitarra jotzeko teknika ikusgarria ahaztu gabe. Segidan, jazzeko diva izatear den Melody Gardoten ahots gozoa entzuteko parada izango da. Larunbatez, Ninety Mileseko talentu gazteak igoko dira lehenik oholtzara, eta Al Di Meola gitarrista eta Gonzalo Rubalcaba piano jotzailea jarraian. Hasier Oleaga bateria jotzaileak orain hilabete ez dela argitaratu zuen Cantus Caterva diskoa, bakarkako ibilbidean atera duen lehena. Igandean eskainiko du aurkezpen kontzertua, Kenny Barron, Mulgrew Miller, Eric Reed eta Dado Moroni pianistenaren aurretik. Azkenik, astelehenean, bi tributo banda arituko dira. Aurrenekoek Don Cherry omenduko dute, haren alaba Neneh buru dutela. Bigarrengoek, Miles Smilesekoek, Miles Davisen kantuak joko dituzte.
5. Kursaal auditoriuma
Hiru emanaldi izango dira aurten Kursaal auditoriumean: larunbatean Bobby Mc Ferrin arituko da,The Yellowjackets bandarekin. Biharamunean, berriz, Antony and The Johnsons and Et Incarnatus Orkestraren emanaldia izango da. 2005ean maila internazionalean I Am A Bird Now diskoa argitaratu zuenetik, etengabe harritu du publikoa bere abesteko era bereziarekin. Azkenik, igandean, XXI. mendeko Billy Hollyday modura ezaguna den Madeleine Peyroux ariko da.
Gau beltza Zurriolan
Sharon Jones & The Dap-Kings eta Alabama Shakes taldeen soul doinuekin hasiko da gaur Donostiako 47. JazzaldiaJazzaz gain, orotariko gustuak asetzeko moduko kontzertuak izango dira bost egunez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu