Donostiako 73. Musika Hamabostaldia. Jeanette Vecchione. Sopranoa

«Gaueko Erregina ez da izango ipuineko gaiztoa; nortasuna emango diot»

Hamabostaldiak bihar eta astelehenean eskainiko du jaialdiko opera bakarra, Mozarten 'Txirula magikoa', eta Jeanette Vecchione soprano gazteak egingo du Gaueko Erreginarena.

Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2012ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Gaueko Erregina da Wolfgang Amadeus Mozarten Txirula magikoa operako pertsonaia ezagunena. Fantasiazko istorio guztietan azaldu ohi den pertsonaia ilun eta gaiztoa da, Pamina printzesaren amaorde beldurgarria, Sarastro erregearen boterea bereganatzeko edozer egiteko prest dagoen sorgin maltzurra. Gezurra badirudi ere, Jeanette Vecchione soprano alai eta irribarretsuak (New York, 1985) beteko du Donostiako Musika Hamabostaldiko emanaldian amaorde gaiztoaren rola. Ezohiko aurpegia du sorginarena egiteko, eta, hain zuzen ere, Vecchionek ezohiko Gaueko Erregina bat aurkeztuko du Donostiako Kursaal auditoriumean biharko eta datorren asteleheneko emanaldietan.

AEBetako soprano gazteak ibilbide labur eta harrigarria egin du bakarlari moduan. New York Stateko saskibaloi jokalari onenetakoa zen, eta oraindik inork ez du gainditu haren errekorra institutuan. Irakasle batek ezustean ikusi zuen Vecchioneren ahotsaren bikaintasuna, eta The Juilliard Schoolen musika ikasteko gomendatu zion. Ikasten hasi eta bost hilabetera, lehen errezitaldia egin zuen, eta 24 urterekin eman zuen lehen kontzertua. 2010ean, Vecchionek nazioarteko debuta egin zuen Vienako State Opera ospetsuan, Gaueko Erreginarekin. Ondoren, Parisko Eliseoko Zelaietako Teatroan egin zuen emanaldia, rol berarekin. Harrezkeroztik munduko agertoki esanguratsuenetan abestu du.

Musikaren munduan kasualitatez sartu zinen. Nola erabaki zenuen bakarlari izatea?

Musika inoiz ez da izan orain arte nire bizitzaren parte. Gaztetxoa nintzenean, kirola zen nire bizitza. Institutuan nengoela, saskibaloia zen nik nahi nuen etorkizuna, eta ez zen harritzekoa, nire familia guztia oso kirolaria baita. Elizako abesbatzan ere parte hartzen nuen. Banekien abesteko gai nintzela, baina ez nuen uste aparteko dohainik nuenik. Egun batean, irakaslearekin proba bat egiten ari nintzela, opera abeslarien antzera abesteari ekin nion, txantxetan noski, dutxan kantatzen den moduan. Irakaslea zur eta lur gelditu zen, eta berriro abesteko eskatu zidan, serio-serio. Nik erantzun nion: «txantxetan, ezta?». Baina ez, ez zen txantxa. The Juilliard Schoolen sartzeko gomendatu zidan, eta hala egin nuen. Bost hilabete ondoren, abeslaria nintzen!

Beraz, saskibaloia kontzertuekin ordezkatu zenuen. Kirolak eta musikak ba al dute zerikusirik?

Bai, badute. Kirolariek bezainbeste zaindu behar dugu bakarlariok gorputza. Opera egitean asko izerditzen da, batetik bestera gabiltzalako mozorrotuta. Gainera, etengabe bidaiatzeak ere asko nekatzen du. Nik inoiz ez diot utzi kirola egiteari.

Bakarlariaren bizitza gogorra da. Kirola uzteaz damutu zara noizbait?

Ez. Uste dut asmatu dudala hartutako erabakiarekin. Bakarlari izateari esker, munduan zehar bidaiatu dezaket, eta Donostiaren moduko hiri ederrak ezagutu. Aitortu beharra daukat hiriko gastronomiarekin txoratuta nagoela; izugarri gustatu zait. Senarra ez ekartzeaz damutu naiz. Harekin batera etxeko janaria eskaintzen duen jatetxe bat daukat Connecticuten, eta Parte Zaharreko pintxoek ideia asko eman dizkidate!

Donostiako Musika Hamabostaldian, Gauaren Erreginaren rola beteko duzu. Hain zuzen ere, pertsonaia horrekin hasi zinen bakarlari lanean, ezta?

Halaxe da, bai, eta niretzat pertsonaiarik bereziena da. Mundu honetan sartu nintzenean ikasi nuen lehen pieza izan zen, baita nire lehen kontzertua ere. Gaueko Erreginarena abesten dudan emanaldi bakoitza berezia da.

Gaueko Erreginaren Der Hölle Rache kocht in meinem Herzen aria da operako unerik famatuena. Zeregina ezagutu arren, presio handia al da une hori biribiltzea?

Ikasi nuen lehen obra izan arren, eta niretzat esanahi berezia duen arren, onartu beharra daukat presio handia dela Gaueko Erregina interpretatzea, eta zer esanik ez aria hori. Operako unerik ezagunena eta ikusgarriena da. Entzuleek espero duten unea da; den-denak adi daude, Gaueko Erreginaren emanaldia zorrotz entzuteko prest. Horregatik, gogor landu beharreko pasartea da, behin eta berriz errepikatuz. Dena den, ariak bere alde ona du. Izan ere, ondo egitean, nahi nuen emaitza lortzean eta txaloak entzutean, saritua sentitzen naiz.

Txirula magikoa historian gehien interpretatu den opera da, eta Donostian ere hainbat alditan eskaini dute. Zer berezitasun du Alfonso Romerok eta Jaime Martinek prestatutako emanaldiak?

Lehenik eta behin, giro aparta sortu da gure artean, bai bakarlariekin, bai orkestra eta abesbatzarekin eta bai muntaketaren arduradunekin ere. Madrilen eta Donostian izan garen egunetan oso lotuta sentitu gara, eta hori agertokian nabarituko da. Bestalde, uste dut Romerok eta Martinek sortu duten ikuskizuna ederra dela eta ziur nago inor ez duela axolagabe utziko.

Eta zuk antzeztuko duzun Gaueko Erreginak emango al du ezustekorik?

Gaueko Erregina beti da istorioko pertsonaia gaiztoa eta zitala. Emanaldi honetan ez da izango gaiztoa; nortasun propioa emango diot. Egiaren jabe dela uste osoa duen ama bat izango da, Sarastroren boterea bereganatuz gero mundu hobea eraiki dezakeela sinetsita dagoen pertsonaia indartsua eta adorez betea. Etorkizunean beste opera batzuetan parte hartzea espero dut, baina Gaueko Erregina beti izango da bereziena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.