Gaupasa bat antzokian, jazza dela medio

Donostiako Viktoria Eugenia antzokiaren mendeurrenak eta Jazzaldiak bat egingo dute uztailaren 20an

Musikari talde bat, atzo, Viktoria Eugenia antzokian. ANDONI CANELLADA / ARP.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2012ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Mende bat igaro da Donostiako Viktoria Eugenia antzokia sortu zenetik. Urte guztian keinu txikiak egin dizkiote omenaldi modura. Zaharberritu zuten antzokia aurren-aurrena, eta geroztik aterpetu ditu musika kontzertuak, antzezlanak, ospakizun ekitalditxoak eta bestelakoak. Urtemugaren efemeride zehatza uztailaren 20a da. Jazzaldiak bete-betean harrapatuko du urtemuga. Eta antolatzaileek jazza antzokiko txoko guztietan sartzea eta txertatzea deliberatu dute egun horretarako.

2012ko Donostiako Jazzaldia Saria jasoko du Jimmy Cobb bateria jotzaile estatubatuarrak. Egun horretan bertan kontzertua emango du hiruko formatuan, antzokian (18:30). Ondoren, Gaujazza edo jazzaren gaupasa egiteko gonbita egiten du Jazzaldiak. Gauerdian hasita, emanaldiak izango dira antzokiko hainbat txokotan. Ray Gelato & His Giants Orchestrak swing tradizioa erakutsiko du areto nagusian, eta leku horretan bertan S. Mos DJak amaituko du festa. Terje Rypdal gitarra jotzaile norvegiarra Club Aretoan ariko da; Just Friends Quintet Baionako boskoteaa, Josetxo Goia-Aribe eta Arantxa Diez nafarrek eta Peter Evans tronpeta jotzaileak Dantza Aretoa hartuko dute; Dorantes musikari espainiarrak flamenkoaren garaikidetasuna erakutsiko du Foyer aretoan eta Mari Kvien Brunvoll bakarlari norvegiarrak jazzik abangoardistena azalduko du prentsa aretoan. Kontzertu guztiak hiru euroren truke ikusi eta entzun ahal izango dira.

Azken berritasun horien berri eman zuten atzo Jazzaldiko zuzendari Miguel Martinek eta Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek, Viktoria Eugenia antzokiko harrera gune zabalean eman ere. Egitarauko izen handi guztiak «konfirmatuta» daudela esan zuten. Beraz, Jazzaldian izango dira, Antony Hegarty, Melody Gardot, Bobby McFerrin, Jimmy Cobb, Monty Alexander, The Waterboys, Madeleine Peyroux, Sharon Jones, The Dap-Kings, Marc Ribbot, The Wedding Present, Miles Smiles... Guztira, 47. Jazzaldiak 102 kontzertu egingo ditu, eta horietatik 71 doan izango dira. Jakinarazi zuten Jazzaldiak eta Heinekenek babesletza hitzarmena berritu dutela beste hiru urtetarako ere, 2013-2015 urteetarako, hain zuzen ere.

San Telmo ere Jazzaldian

Aurtengo jaialditik hasita, Jazzaldia eta Basque Culinary Center erakundean elkarlanean ariko direla ere aurreratu zuten. Aurtengo bi kontzertu ere han izango dira. Ligthouse hiruko ingelesak (Gwilym Simcock, Tim Garland eta Asaf Sirkis) uztailaren 21ean emango du kontzertua, eta Enrico Rava tronpeta jotzailearen Tribe boskoteak, uztailaren 22an. Bi emanaldiak doakoak izango dira.

Doakoak izango dira, era berean, Matt Savage piano jotzaileak egingo dituen bi kontzertuak ere. Musikari estatubatuarrari autismoa diagnostikatu zioten haurtzaroan. Jazzaldain parte hartuko du Donostian 2013ko maiatzean egingo den Autismoa Ikertzeko Nazioarteko Biltzarraren harira. Lehen kontzertua uztailaren 20an izango da. Hirukoan arituko da Savage, bi euskal musikariz lagunduta: Javier Mayor de la Iglesia kontrabaxuan eta Hasier Oleaga baterian.Bigarren emanaldia uztailaren 21ean izango da, Viktoria Eugenia antzokian.

Viktoria Eugeniak protagonismo handia izango du aurtengo Jazzaldian, baina berritasun handienetakoa San Telmo Museoaren parte hartze zuzena izango da. Hiru kontzertu egingo dira bertan San Telmo Gauak ekimenaren baitan, eta Donostia 2016ren eskutik. Hala, Hyperpotamus eta Aymeric Hainaux elkarrekin izango dira taularen gainean (uztailak 21), Hakon Kornstad Oreka TX-ekin ( uztailak 22) eta Gonzalo Tejada Olivier Ker Ouriorekin (uztailak 23). Nils Petter Molvaer tronpeta jotzaileak ere kontzertua emango du uztailaren 23an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.